GAUR8 - mila leiho zabalik

Galarraga eta Pettiren «Frankenstein agurgarria» errezitaldi musikatua Euskaltzaindira helduko da

Frankensteini bidalitako gutun batek kezka zientifikoak, etikoak eta feministak aska ditzake. Hori guztia errezital musikatu batean jaso dute Ana Galarraga zientzia-dibulgatzaileak eta Petti musikariak, eta Bilbora eramango dute astelehenean, hilaren 28an, Bilbo Zaharra euskaltegiak gonbidatuta.

Ana Galarraga eta Petti, irudian. (@AnaGalarraga1)

Ana Galarraga Aiestaran zientzia-komunikatzailea eta Juan Luis Perez Mitxelena Petti musikariaren ‘Frankenstein agurgarria’ errezitaldi «mutantea» Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzara helduko da azaroaren 28an.

Plaza Barriko areto nagusian izango da emanaldia, 19.00etatik aurrera.

«Gutun baten irakurketa performatiboa» da egile bien proposamena, Frankensteini zuzendutako hitzen bidez «kezka zientifikoak, etikoak, feministak eta literarioak» txirikordatzen dituena. Galarragarenak dira hitzak, Pettirenak kantuak eta doinua.

Zientziaren mugak, aurreikusi gabeko ondorioak edota erruak eta damuak dira gutun formatuko testuak airera botatzen dituen hausnarketak. Zientzia-komunikatzailea Elhuyarren eta zientzia-dibulgazioko ehunka artikuluren egilea den Galarragak sortu du testua.

1999. urtean bere lehen diskoa

Zientziaren munduaren ondoan, sortzaile eta antolatzaile gisa hainbat proiektutan parte hartu duen zarauztarrak Petti musikari beratarra du ‘Frankenstein agurgarria’ errezitalean. 1999. urtean bere lehen diskoa atera zuen konposatzaileak beste hamabi lan plazaratu ditu, hainbat bildumatan parte hartzeaz gain.