15 JAN. 2023 Gaur X urte Wikipediaren, entziklopedia askearen, lehenengo argitalpenak 22 urte bete ditu 22 urte bete dira aurten Wikipedian lehenengo edizioa egin zenetik. Ordutik Jimmy Wales eta Larry Sanger estatubatuarrek sortutako entziklopedia oso azkar zabaldu da munduan zehar, eta egun 329 hizkuntzatan idatzitako sei milioi artikulu baino gehiago biltzen ditu. Wikipediaren lehenengo mezuaren birsorkuntza. (Wikimedia Commons) GAUR8 2001eko urtarrilaren 15ean editatu zen lehenengo aldiz Wikipedia, duela 22 urte. «This is the new WikiPedia» mezuarekin ekin zioten Jimmy Wales eta Larry Sanger estatubatuarrek sareko entziklopedia askeari, “Homepage” artikuluan. Horren aurretik, baina, geroago ezabatu zuten «Hello, world!» mezua argitaratu zuten sortzaileek. Gaur egun sei milioi artikulu baino gehiago dituen arren, soilik adituek editatzen zuten Nupediaren osagarri gisa sortu zen, artikuluen zirriborroak eta ideiak partekatzeko. Hala ere, Wikipediak bere aurrekaria azkar ordezkatu zuen. Uztailean “Slashdot” izeneko hedabide digitalean aipatu ondoren erabiltzaileen kopuruak gora egin zuen, baina askoz gehiago “The New York Times” egunkarian agertu zenean, urte bereko irailean. Ondoren, lehenengo urteurrena bete zuenean, 20.000 erabiltzaile zituen. 2002Ko abuztuaren amaieran kopuru hori bikoiztu zen. Hastapena ingelesez izan zen, baina sortu eta bi hilabetera alemanezko, katalanezko eta japonierazko webgune bana egin zituzten. Beranduago, maiatzean, txineraz, nederlanderaz, esperantoz, hebreeraz, italieraz, frantsesez, portugesez, errusieraz eta suedieraz irakur zitezkeen internautek idatzitako artikuluak. Euskal Wikipedia bi urte beranduago sortu zen, 2003ko azaroan. 2023an 329 hizkuntzatan idatzitako Wikipedia webguneak daude sarean. Katalanaren eta euskararen kasuetan bezala, hizkuntza gutxituek ere badute beraien tokia eta hizkuntza iraunarazten laguntzen du horrek. Sortzaileetako batek, Jimmy Walesek, esan zuen bezala «kultura lankidetza-proiektuen bidez babesteak zentzu handia dauka».