GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaur 47 urte Concorde hegazkinaren hegaldi komertzialak hasi ziren

Duela 47 urte bigarren hegazkin supersoniko komertzialaren bidaiak hasi ziren, Concorde abioiarenak. Hasieran Paris eta Londres Munduko beste toki batzuekin lotu zituen, baina aurrerago AEBetatik ere bidaiatu zitekeen.

Duela 27 urte hasi zen Concorde abioiak bidai komertzialak egiten. (Wikimedia Commons)

1976ko urtarrilaren 21ean Concorde hegazkinen hegaldi erregularrak hasi ziren Londres-Bahrain, Paris-Rio de Janeiro eta Paris-Mexiko Hiria ibilbideekin. BAC eta Aerospatiale enpresek eraiki zuten abioi mota hau 1960ko hamarkadan eta bidaia komertzialak egin zituen bigarren hegazkin supersonikoa izan zen.

Hilabete batzuk beranduago, apirilean, Paris eta Caracas arteko hegaldiak hasi ziren, Azores uharteen bitartez. Ameriketako Estatu Batuetan ere beranduago heldu zen Concorde, jendea zarata handiengatik kexatu zen eta. Horrela, maiatzean hasi ziren aireratzen Washingtoneko Nazioarteko Aireportutik.

1977an British Airways eta Singapore Airlines airelineek akordio bat sinatu zuten mota honetako hegazkin bat partekatzeko, Londres eta Singapur artean bidaiatzeko. Hala ere, hiru hegaldiren ondoren, 1979ra arte bidaiak eten egin ziren, Malasia zaratagatik kexatu zelako. Azkenean 1980an behin-betirako bertan behera geratu zen ibilbide hau, arrazoi horregatik beragatik.

1980ko hamarkadan British Airways dirua galtzen hasi zen abioi honekin eta 1984 eta 1991 artean Londres eta Miami artean astean hirutan baino ez zuen hegan egiten. 2000ko uztailaren 25ean Air Franceren 4590 hegaldiak istripu bat izan zuen Frantzian eta 113 pertsona hil ziren.

2003ko apirilaren 10ean Air Francek eta British Airwaysek urte amaieran Concorde kenduko zutela iragarri zuten. Besteak beste, 4590 Air France hegaldiaren istripuaren ondoren bidaiari kopuru txikiagatik, mantentze-lanen kostuen igoeragatik eta 2001eko irailaren 11ko atentatua gertatu zenetik hegazkinez egindako bidaien beherakadagatik.