GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Frantziak proba nuklearrak egiteari utziko ziola iragarri zuen 1996an

1996ko urtarrilaren 29an, Jacques Chirac presidenteak Frantziak proba nuklearrak egiteari behin betiko utzi ziola iragarri zuen. 1960ko hamarkadatik 198 proba egin zituen Estatuak benetako artefaktuekin eta azken sei leherketek protesta ugari eragin zituzten mundu osoan.

Jacques Chirac presidente frantsesa, 2005eko argazki batean. (Kay NIETFELD | EUROPA PRESS)

«Frantziaren proba nuklearren amaiera iragartzen dizuet», erran zuen Jacques Chirac presidenteak telebistaz emandako bi minutu eskaseko mezu batean. «Etapa berri bat hasiko da». 1996ko urtarrilaren 29a zen. Ez zeraman denbora luzea karguan, 1995etik 2007ra bitartean izan baitzen presidente, mende batetik bertzerako saltoan. Bere gobernua hainbat ekintzarengatik nabarmendu zen, bertzeren artean Irakeko inbasioaren aurka agertu zen, krimen nazietan Frantziak izan zuen ardura onartu zuen eta klima larrialdiaz ohartarazi zuen.

Baina gertaera batek eztabaida handia sortu zuen. Polinesiako Tuamotu artxipelagoko atoloi batean, Mururoa koralezko irlan, egindako azken proba nuklearrez ari gara. 1966tik 160 proba egin zituen bertan Frantziak bonba atomikoekin, eta bizitza suntsitu zuen. Ia fauna guztia deuseztu eta 61 langile tahitiar eta beren ondorengoak kutsatu zituzten. Uzkirik eta larruazalik gabeko haurrak jaio ziren eta, halere, probak egiten jarraitu zuten, Hayako Nazioarteko Justizia Gortearen kondenari entzungor.

Hala, ez da harritzekoa Chiracek Mururoan azken leherketak egin zituenean nazioartean ikaragarrizko haserrea sortu izana. Greenpeace GKEak gogor egin zuen aurka eta bi proba eragoztea lortu zuen bere itsasontziekin.

Ekologistei eta Polinesiako independentistei bere aurkako kanpaina egitea egotzi zien presidenteak. «Proba atomikoek ez dute arrain bakar bat ere kaltetu», segurtatu zuen. 1996ko otsailean azken entsegu nuklearra egin zuen bertan, eta Mururoa abandonatua gelditu zen, bunker batekin eta 200.000 urtetarako erradiazioarekin.