02 FéV. 2023 Gaur X urte James Joyceren “Ulises” maisulana plazaratu zen duela 101 urte 1922ko otsailaren 2an, justu egileak 40 urte bete zituen egunean, argitaratu zen James Joyceren “Ulises”, kritikarien ustez XX. mendean ingelesez idatzitako eleberririk onena. Eragin handia izan du obrak, aunitz eztabaidatu da haren inguruan eta azterketa ugari eta sakonak egin dira. James Joyce idazle irlandarra. (‘Turia’ aldizkaria) GAUR8 James Joyceren obrarik ezagunenak “Ulysses” du jatorrizko izenburua, Homeroren “Odisea’”-ko protagonistaren izena hain zuzen. Izan ere, idazle irlandarrak sistema paralelo bat eraiki zuen bi obren artean (linguistikoa, erretorikoa eta sinbolikoa).James Augustine Aloysius Joyce Dublinen jaio zen 1882an eta Zurichen zendu zen 1941ean. Liburu gehiago ere utzi zituen baina “Ulises” da bere maisulana. Egileak deskribatzen duen Dublin, Dickensen Londresekin edo Balzacen Parisekin parekatu izan dute. Umberto Ecok dioenez, nobelak mundu baten irudia ematen du. Bertan, gertaerek talka egiten dute eta elkar osatu ere bai, batak bertzearengana jotzen du eta elkar ukatzen dute, eta irakurleek obra-unibertsoari buruzko ikuspegi ugari marraztu ditzakete.Istorioak Leopold Bloom eta Stephen Dedalus pertsonaien abenturak kontatzen ditu, egun arrunt batean, 1904ko ekainaren 16an, Dublinen bizitzen dituztenak. Lana izugarri zabala da: 30.000 hitzeko hiztegia du, eta 800 eta 1.000 orrialde dituzte edizio gehienek, 18 ataletan banatuta. Kapitulu bakoitza estilo ezberdin batean idatzita dago. Gehien erabiltzen den teknika barne bakarrizketa da: pertsonaiaren pentsamenduak adierazten dira helburu logikorik gabeko pasarteetan, benetako pentsamenduetan gertatzen den bezala. Epilogoan nabarmentzen da estilo hori, Molly Bloomen bakarrizketa famatuan. Kontakizunak ez du puntuazio zeinurik, eta pentsamenduaren jario librea imitatzen du.