20 FéV. 2023 Gaur X urte «Euskaldunon Egunkaria» Auzitegi Nazionalaren aginduz itxi zutenetik 20 urte bete dira 2003ko otsailaren 20an, Audientzia Nazionalak “Euskaldunon Egunkaria” itxi zuen. Guardia Zibilak Andoaingo egoitza eta Bilbo, Iruñea eta Gasteizko ordezkaritzak itxi zituen, eta egunkariko hamar arduradun atxilotu. Egunkariaren zuzendariak, Martxelo Otamendik, torturak salatu zituen. Protesta kontzentrazioa Iruñean, «Euskaldunon Egunkaria» itxi eta biharamunean. (Lander FDZ ARROYABE | FOKU) GAUR8 Gaur 20 urte Guardia Zibilak “Euskaldunon Egunkaria”-ren egoitzak itxi zituen, Auzitegi Nazionalaren aginduz. Egunkariaren hamar arduradun atxilotu, inkomunikatu eta torturatu egin zituzten. 2003ko otsailaren 19an, Juan del Olmo epaileak “Euskaldunon Egunkaria” ixtea agindu zuen, ustez ETArekin lotura izateagatik. Andoaingo egoitza nagusian eta Bilbo, Iruñea eta Gasteizko ordezkaritzetan polizia-operazioak otsailaren 20ko goizeko lauretan hasi ziren, eta hamar atxiloketa egin zituzten: Martxelo Otamendi (zuzendaria), Iñaki Uria (kontseilari delegatua), Juan Mari Torrealdai (administrazio Kontseiluko presidentea), Fermin Lazkano (gerente ohia), Xabier Alegria, Xabier Oleaga (Ikastolen Elkarteko zuzendariorde ohia eta komunikazio arduraduna), Txema Auzmendi (administrazio kontseiluko kidea), Luis Goya, Pello Zubiria (“Argia” aldizkariko zuzendari ohia eta orduko zuzendaria) eta Inma Gomila (gerente ohia). 2009ko abenduan eta 2010eko urtarrilean egin zen epaiketa. Epaiak akusatu guztiak absolbitu egin zituen. Bost egunez bakartuta egon ondoren, Otamendik tortura larriak salatu zituen. Operazio berean atxilotutako beste lankide batzuek ere, hala nola Iñaki Uriak, Xabier Alegriak eta Xabier Oleagak, Guardia Zibilaren eskuetan egon ziren bitartean torturatuak izan zirela jakinarazi zuten. Otamendiren torturengatiko salaketa, Iñaki Uriarena bezala, artxibatu egin zen, eta 2008an “Berria”-ren egungo zuzendariak Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzea erabaki zuen. Auzitegi horrek, 2012an, Estatu espainiarra kondenatu zuen kasua ez ikertzeagatik.