25 MAR. 2023 Gaur X urte 1983ko martxoaren 25etik ekainaren 6ra: Diego Pradoren bahiketa eta Borboiaren erreskatea 1983ko martxoaren 25ean, etxeko garajean antzeman zuen ETA militarrak Diego Prado y Colon de Carvajal eta ekainaren 6ra arte bahitu zuen, harik eta erreskatea kobratu zuen arte. Nork ordaindu zuen? Garaiko Cesid-eko arduradunaren agendak Borboiak salatu zituen. Juan Carlos Borboikoak ordaindu zuen Pradoren erreskatea, Cesid-eko presidente ohiaren agendaren arabera. (Óscar DEL POZO/AFP) GAUR8 Gaur 40 urte, 1983ko martxoaren 25ean, etxeko garajean antzeman zuen ETA militarreko talde batek Diego Prado y Colon de Carvajal enpresaria, eta bahitu egin zuen. Deskontu Bankuko presidentea zen, Cristobal Colon kolonizadorearen oinordekoa, eta Manuel Pradoren anaia, Iberiako eta Iberoamerikako Lankidetza Institutuko presidente ohia. Boteredun gizona, beraz. Manuel Prado anaia, era berean, Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregearen gertukoa zen; haren laguna eta administratzaile pribatua. 1983ko ekainaren 6an utzi zuen aske ETAk Diego Prado, bahitu zuenetik 75 egunera, diru-erreskate baten truke. Garai hartako informazioen arabera, mila milioi peseta inguru eskatu zituen hasieran ETAk, eta prentsak zabaldu duen 600-700 milioi inguru ordaindu zirela azkenean. Manuel Pradok onartu zuen berak parte hartu zuela ordainketaren negoziaketetan, baina ez zen bera izan diru kopuru hori eman zuena. Beraz, nork ordaindu zuen Diego Prado y Colon de Carvajalen erreskatea? Emilio Alonso Manglano Cesid-eko (Defentsaren Informazio Zentro Gorena) presidentearen agendan agertu zen erantzuna, 1983ko ekainaren 11ko egunari zegokion orrian –Prado askatu eta bost egunera–: «Prado jaunaren bahiketaren dirua Zarzuelak jarri zuen».