GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Duela 37 urte jaio zen Lady Gaga abeslari eta aktorea

Lady Gaga aktore eta abeslari aski ezaguna jaio zen duela 37 urte. 1986Ko martxoaren 28an sortu zen New Yorken gerora ‘Born This Way’ bezalako kantuekin ezagun egin den artista.

Lady Gaga, Oscar sarien galan. (Angela WEISS | AFP)

Stefani Joanne Angelina Germanottaren urtebetetze eguna da gaur, 37 bete ditu Lady Gagak. 1986ko martxoaren 28an jaio zen abeslari eta aktorea, New Yorken. ‘Bad Romance’, ‘Telephone’ edo ‘Poker Face’ bezalako kanten egilea izateagatik ezaguna da eta aktore bezala ere ibili izan da.

Lau urterekin hasi zen pianoa jotzen eta 14rekin mikrofono irekiko gauetan kantatzeari ekin zion. 2006an hartu zuen Lady Gaga izen artistikoa, ‘Radio Ga Ga’ kantuan oinarrituta eta ezagun egin duten janzkera berezi eta deigarriak erabiltzen hasi zen, bere irudi artistikoa definituz. Bi urte geroago plazaratu zuen bere lehen diskoa, ‘The Fame’ eta arrakasta handia izan zuen, Grammy sarietan hainbat kategoriatan izendatua izateraino, besteak beste.

2011 eta 2015 bitartean beste hiru disko argitaratu zituen ‘Born This Way’, ‘Artpop’ eta ‘Cheek to cheek’. 2016an argitaratu zuen ‘Joanne’ albumean nabaria zen aldaketa estetikoa ordura arteko lanekin alderatuta. Bi urte geroago ‘A Star Is Born’ filmeko protagonista izan zen eta izen bereko diskoa kaleratu zuen, pelikulako soinu bandaren abestiekin. Ordutik, beste hiru disko plazaratu ditu, ‘Enigma’, ‘Chromatica’ eta ‘Love for Sale’.

2021ean ‘House of Gucci’ filmean parte hartu zuen eta datorren urtean estreinatzekoak diren ‘Joker: Folie à Deux’ pelikulan ere egingo ditu aktore lanak. Gainera, ‘American Horror Story: Hotel’ eta beste dozena bat telesailetan ibilitakoa da.

LGTBIQ+ kolektiboak bere egin izan ditu Lady Gagaren abesti asko, hala nola, ‘Born This Way’, kolektiboaren aldarrikapenak jasotzen dituztelako. Horrela, hainbat gizarte mugimenduren ikono bilakatzera ere iritsi da.