15 AVR. 2023 Gaur X urte Gaur 111 urte Titanic hondoratu zenetik 1912ko apirilaren 15aren goizaldean hondoratu zen Southamptonetik (Erresuma Batua) New Yorkera (AEB) bidaiatzen ari zen Titanic itsasontzia iceberg batekin talka egin ostean. Ozeano Atlantikoan gertatu zen, Ternuatik gertu. 1.500 pertsona inguru hil ziren kolpeengatik, itota edo hipotermiak jota. Titanic ontziaren hondoratzea, Willy Stowerren margolan batean irudikatuta. (Wikimedia Commons) GAUR8 Kolpea istriborrean gertatu zen, apirilaren 14aren 23.40tan ontzia 22,5 korapiloko abiaduran zihoala (41,7km/h). Ondorioz, flotazio-marran zulo bat ireki zen eta uholdeak hasi ziren. Branka urperatzen hasi zen. 00.05etan squash pista hondoratuta zegoen eta hamabost minutu beranduago ura tripulazioaren geletan sartu zen. Ebakuaziorako momentua iritsi zenean, bidaiariei simulakro bat zela esan zieten, lasai egoteko. 00.20etan emakume eta umeei salbamendu-txalupetan sartzeko agindua eman zitzaien. Bitartean, Edward John Smith kapitainak ordenatu bezala orkestra jotzen ari zen txalupen ontzigainean, lasaitasuna mantentzeko asmoz. Ebakuazioa oso motela izan zen bidaiari askok ez zutelako sinisten itsasontzia ondoratzen ari zenik eta 40 eta 65 pertsonen arteko edukiera zuten txalupa gehienetan oso jende gutxi sartu zuten. 01.15etatik aurrera ontziaren beste parte batzuk hondoratu ziren eta ebakuazioa bizkortu zen, guztira 20 txalupa erabilita. 02.20ean Titanic guztiz hondoratu zen. Beranduago, RMS Carpathia itsasontziak bizirik atera zirenak erreskatatu eta New Yorkeko portura eraman zituen. Hondoratzearen ondoren itsasoko urperaketaren eta heriotzen zergatiak jakiteko hainbat ikerketa egin ziren, bide batez itsasoko segurtasuna hobetzeko. Ondorioen artean salbamendu-txalupa falta eta tripulazioa ez zegoela behar bezala trebatuta hau bezalako larrialdietara aurre egiteko azpimarratu zituzten. Smith kapitainaren jarrera ere kritikatu zuten, ontziaren abiaduragatik.