23 AVR. 2023 Gaur X urte Gaur 10 urte sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak legeztatu zituen Frantziak 2013ko apirilaren 23an aurrerapauso historikoa eman zuen Frantziak homosexualen arteko ezkontzak legeztatuta. Ia 137 orduko eztabaida parlamentarioa izan zen eta legea onartu ostean, ezkerreko diputatuek txalo artean «berdintasuna» oihukatu zuten. Egun horretan sexu bereko ezkontzen aldekoak kalean legearen onarpena ospatzen. (AFP) GAUR8 Gaur 10 urte aurrerapauso historikoa eman zuen Frantziako Estatuak sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak legeztatuta. 2013ko apirilaren 23an izan zen, eta ia 137 orduko eztabaida parlamentarioaren ondoren, Frantziak ezkontza homosexualak onartu zituen. Testuak aldeko 331 boto izan zituen eta kontrako 225. Erabakia hartu bezain laster, ezkerreko diputatuek txalo artean «berdintasuna» oihukatzen zuten. Kontrara, eskuineko diputatuek legea onartu eta berehala Konstituzionalera jo zuten, legearen aurkako helegitea aurkezteko. Kalean zatiketa nagusi Parlamentuan ez ezik, kaleetan ere zatiketa zen nagusi. 'Bi Frantziak' kalera irten ziren; batzuek legearen onarpena ospatzeko, eta beste batzuek, horren aurkako protesta egiteko. Legea onartu eta hurrengo egunetan 257 pertsona atxilotu zituen poliziak, manifestatzaileek jarrera erradikalak izan zituztelako, eta indarkeriaz erantzuten ari zirelako. Holandak hamabi urte lehenago sexu berekoen ezkontzak legeztatu zituenetik, Frantzia hori onartzen zuen hamalaugarren herrialdea bilakatu zen, eta Europako beste herrialde batzuekin bat egin zuen; hala nola, Espainiarekin, Belgikarekin, Portugalekin, Norvegiarekin, Suediarekin, Islandiarekin eta Danimarkarekin.