GAUR8 - mila leiho zabalik

Erriberriko Antzerki Jaialdian bi lan egonaldien inguruko proposamenak jasotzeko deialdia ireki dute

Erriberriko Antzerki Jaialdiaren barruan, uztailaren 21etik abuztuaren 6ra Tafallan eta Beiren egingo diren bi lan egonaldietarako proiektuen inguruko deialdia jarri dute abian. Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago.

Erriberriko Antzerki Jaialdiaren aurreko edizio bat, irudian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Maitzaren 24ra arte irekita dago Erriberriko Antzerki Jaialdian bi lan egonaldietarako proposamenak egiteko deialdia. Nafarroako artista eta konpainia profesionalei zuzenduta, uztailaren 21etik abuztuaren 6ra bitartean egingo diren bi lan egoitza eta ikerketa-laborategietarako proiektuak aurkez daitezke.

Egoitzak Tafallan eta Beiren izango dira. Kokapenak Jaialdiak erabakiko ditu, eta lanerako espazio bat eskainiko du herri bakoitzeko udalak utzitako lokal batean. Azaldu dutenez, egoitza bakoitzaren sormen prozesuaren irekierak egingo dira Beiren eta Erriberrin, zehaztu beharreko tokian eta datan.

6.500 euroko gehieneko zuzkidura (BEZa barne) izango dute proiektuek, Vianako Printzea Erakundearen Kultura Zuzendaritza Nagusiak emanda.

Deialdiak berrikuntza nagusi bat dakar, edizio honetan bi egoitza-kategoria bereizten dira: ibilbide profesionala hasten ari diren egile edo konpainientzako bat, baldin eta beren kideak 30 urtetik beherakoak badira edo sortzen ari direnak badira; eta beste egoitza bat ibilbide profesional sendoa duten egile edo konpainientzat.

Arte eszenikoetako sorkuntzaren edozein alderdirekin lotutako proiektuak aurkeztu ahal izango dira ikerketa laborategi horietan. Balioetsiko da, bestalde, 2023ko Erriberriko Antzerki Jaialdiaren programaren barruan publikoarekiko hezkuntza atal bat edo bitartekaritza programa bat izatea.

Izen-emateak posta elektronikoz egin ahal izango dira  programasydifusion@navarra.es helbidera, eta gaian honako hau adierazi beharko da: Erriberriko 2023 Egoitzetarako Deialdia.