GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Amnistiaren Aldeko Aste iluna; hil zirenak gogoan

Aspaldian gertatutakoak ere ez ditu ahazten herri honek eta, urtero, trantsizioan Poliziaren bortizkeriaren ondorioz hil zirenak gogoan izaten dituzte Iruñeko herritarrak, bereziki Jose Luis Cano bizilaguna.

Amnistiaren Aldeko Asteko manifestazioa, 1977an. (EUSKAL MEMORIA)

Urtero, Iruñeak Jose Luis Cano oroitzen du, 1977ko maiatzaren 13an Polizia espainolak tiroz hildakoa. Cano taberna batean zegoen eta agenteek ateratzera behartu zuten, eta orduan buruan tiro egin zioten. Amnistiaren Aldeko Astean gertatu zen hilketa, eta ez zen biktima bakarra izan. Testuinguru horretan bertan, Poliziaren erasoen ondorioz, Rafael Gomez (Errenteria), Clemente del Cano (Oiartzun), Manuel Fuentes (Ortuella), Luis Santamaria (Iruñea), Gregorio Marichalar (Errenteria) eta Francisco Javier Fernandez (Bilbo).

Amnistiaren Aldeko Astea trantsizioko giro nahasian antolatu zuten Hego Euskal Herri mailako mobilizazioa izan zen, otsailerako, maiatzerako eta urrirako deitua. Franco hil eta bi urtera, ekainerako hauteskundeak deituak ziren, eta sektore bakoitza bere jarrerak zehazten ari zen. Herritarrak euskal preso politikoen askatasuna eta amnistia eskatzen hasi ziren. Presoen kaleratzearekin batera, Euskal Herrian demokrazia egon zedin eskatzen zuten.

Espainiako gobernuak ez zien eskaerei guztiz erantzun, eta amnistiaren aldeko borroka indartzen hasi zen. Giro politikoa ez zegoen lasai: ETAk ekintza ugari egin zituen eta Gobernuak horri erantzun zion errepresioaren bidez. Amnistiaren Aldeko lehen Astea, otsailekoa, lasaiagoa izan zen arren, bigarren astea, maiatzekoa, hauteskundeen atarian zen, eta Poliziaren zein Guardia Zibilaren jarrera bereziki oldarkorra izan zen.

Maiatzaren 13an manifestazioa zegoen deituta Iruñean, eta Poliziak eraso egin zuenean jendea korrika hasi zen. Jose Luis Cano taberna batera sartu zen, babesteko, beste manifestari batzuekin batera. Polizia bertara sartu eta Cano kolpatu zuen, ateratzera behartuz. Tiroz hil zutenean 28 urte zituen.