GAUR8 - mila leiho zabalik

Ibilbidea igandean Ibaizabalen ondotik Zaratamoko presaraino, «ingurumena berreskuratzeko adibide bat»

Datorren igandean, Zaratamoko Txarrota presan ur habitatak berreskuratzeko egindako esku hartzea protagonista duen ibillaldi bat egingo dute, Sagarrak Basauriko talde ekologistak antolatuta. Ibaizabal ibaian egindako kanalizazio lanak eta Bengoetxeko zubia ere aztertuko dituzte.

Zaratamoko Txarrota izango da ibilaldiaren geldialdietako bat. (Sagarrak )

Hurrengo igandean (hilak 18), Zuhatzutik hasita Zaratamoko Txarrota urtegiraino joango den ibilaldi gidatua antolatu du Sagarrak talde ekologistak. Ekimena III. Basauriko Zuhaitzaren Astean kokatzen da, udalerri horren eta ingurukoen «natura balioak ezagutu eta urteetan jasan duten eta oraindik ere jasaten ari diren erasoak ezagutzeko» baita «zenbait lekutan egiten ari diren berreskuratze jarduerak ezagutzeko ere».

Eduardo Renovales Ekologistak Martxan taldeko gidari naturalistak zuzenduko du ibilaldia. Hitzordua Basauritik abiatuko da, Euskotreneko Arizko geltokian. Trena bertan hartuta Zuhatzuraino joango da taldea, eta handik «Ibaizabal ibaiaren ondoko pasealeku berrira hurbilduko gara, ibilguaren azken kanalizazio obrak aztertzeko», zehaztu dute antolatzaileek.

Bengoetxeko zubia eta inguruetan eta hiri eta kultura ingurunean sortutako eraginak aztertuko dituzte, ibaiertzetako inguru naturalaren eraldaketa handia behatuz.

«Interes handiko ur habitatak»

Zaratamoko Arkotxa auzorantz abiatuko da ibiladia ondoren, hirigunetik gertu dagoen eta jada erabiltzen ez den Txarrota presaraino heltzeko. Toki horretan ingurunea lehengoratzeko egindako esku hartzea nabarmendu du talde ekologistak. «Toki horretan, besteak beste, baso autoktonoa leheneratzea, espezie inbaditzaileak desagerraraztea eta ur eta intsektu espezie mehatxatuentzat interes handiko ur habitatak sortzea lortu nahi izan da», azaldu dute.

Azpimarratu dutenez, balio handiko espazioa da, gero eta ugariagoak diren eukalipto eta pinu laboreez inguratuta dagoena, eta «ingurumena berreskuratzeko adibide bat da, oso ingurune aldatuan, Nerbioi-Ibaizabal eskualdean». «Bisitatzea merezi du», nabarmendu dutenez.

Txarrota presatik gertu dagoen San Bixenti auzoraino joango da ibilaldia, bertako baserrien ondotik pasatuz, eta handik Arkotxara itzuliko da bidezidor batetik, Zuhatzura itzultzeko. «Azaldu dutenez, ibilbidea zailtasun ertain-baxukoa da, pistan eta mendiko bideetan barrena joango dena, eta praka luzeak, mendiko oinetakoak eta edaria eta janari pixka bat eramatea gomendatzen dute.