30 JUIN 2023 Gaur X urte Gaur 25 urte bete dira Yon Etxaide euskal idazle oparoa hil zela 50 hamarkadako idazlerik garrantzitsuenetarikotzat jotzen da. Gaztea zelarik Gerra Zibilak harrapatu zuen belaunaldikoa da, eta gerra ondorengo desgiro kulturalaren adibiderik garbiena da. Euskal nobela historikoa maila gorenera eraman zuen. Antzerkia eta itzulpengintzan ere jardun zen. Yon Etxaide euskal idazlea 1976ko irudi batean. (Wikipedia) GAUR8 1998ko ekainaren 30an hil zen Yon Etxaide euskal idazle oparoa, eta gaur 25 urte bete dira geroztik. 50 hamarkadako idazlerik baliotsuenetakotzat jotzen da. Bera gaztea zelarik 1936ko gerrak harrapatu zuen belaunaldikoa da, eta bizitza osoan zehar gerra horrek suposatutako etendurak markatuta geratu zen.Horren adibide dira, besteak beste, "Alosorrea" (1950), "Joanak joan" (1955) edota "Gorrotoa lege" (1964) nobelak. Horietan, gerra garaian jasotakoa azaltzen du Etxaidek: «Frankismoak Euskal Herrian egin zuen genozidioa gaurko belaunaldiak ondotxo konturatzen ez diren modukoa izan zen».Bere aita Ignacio Maria Etxaide zen, Gipuzkoako integristen buruzagietako bat, gerran altxatu zirenen aldekoa. Aitak zuzentzen zuen "La Cruz" aldizkarian hasi zen kolaboratzen Etxaide. Gerora, beste hainbat aldizkaritan kolaboratu zuen: "Egan", "Euzko-gogoa", "Jakin", "Gure Herria", "Karmel"...Antzerkia eta itzulpengintzan ere jardun zen, eta bere bizitzaren azken urteetan Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen (EIZIE) esker ona jaso zuen. «Hizkuntza zatitu batek ez du sekula bere bururik salbatu»Euskal idazleak hainbat izengoiti erabiltzen zituen bere izana ezkutatzeko edota gerra ostekoan, idazle asko zirela erakusteko. Besteak beste, Karranka, Uarrain, Igeldo eta Etxaithar.Behin atxilotu zuten mugan, "Gernika" aldizkariaren ale batzuk eramateagatik, eta sei hilabetez eduki zuten kartzelan. Euskararen batasuna zela-eta, adierazi zuen hurrengo esaldi hau: «Hizkuntza zatitu batek —herri zatitu batek bezala— ez du sekula bere bururik salbatu. Merezi du, bada, sakrifizioak!».