03 JUIL. 2023 Gaur X urte Marmoladako ezbeharraren aurreneko urteurrena 2022ko uztailaren 3an, Marmolada glaziarraren zati bat jausi eta 11 lagun hil ziren. Egun haietan, Dolomitetan hamar graduko tenperaturak izan ziren. Glaziarra bi puntutan hautsi zen eta ia 300 metroko zabalera zuen elur-jausia sortu zuen. Marmolada glaziarreko erreskate lanak, Italiako Alpeetan, 2022ko uztailaren 7an. (TRENTINOKO GOBERNUA - Daniele PATERNOSTER) GAUR8 2022ko uztailaren 3an, 13.45 aldean, gertatu zen Dolomitetako ezbeharra, Marmolada glaziarraren puska bat hautsi eta erori zenean. Hala deskribatu zuen unea lekuko batek, Castiglioni Marmolada aterpetxeko kudeatzaileak: «Hots handia entzun dugu, eraisketa baten modukoa. Gero, elur eta izotz jausi bat ikusi dugu ziztu bizian, eta hor konturatu naiz zerbait larria zela». Testiguen arabera, glaziarra bitan zatitu eta 300 metro zabal zen izotz geruza bat jausi zen, bidean harrapatzen zuen guztia aurretik eramanez.Bete-betean harrapatu zuen Punta Rocca tontorrera igotzeko erabiltzen den ohiko bidea, eta 11 mendizale hil eta bertze hainbat zauritu ziren. Erreskate zerbitzuak helikoptero eta dronekin ibili ziren desagertutakoen bila. Ingurua hustu zuten, glaziarraren zati gehiago eror zitezkeelakoan. Gorpuak izotzetatik atera, eta Canazei herriko kirol jauregira eraman zituzten. Zaurituak, ospitaleetara. Bero bolada luzea Ezbeharraren aitzinetik, bero bolada luzea izan zuten Italia iparraldean, gutxienez astebetez. Marmoladako glaziar osoa elur geruza batek estaltzen zuen, baina beroak elurra urtu, eta izotza agerian utzi zuen. Bernard Francou zientzialari frantziarrak Andoni Arabaolaza egunkari honetako kazetariari erran bezala, mendiak klimaren ‘zaindariak’ dira. Berotze globalarekin harreman zuzena duten fenomenoak aunitzez agerikoagoak dira bertan: elur geruza txikitzen ari da, glaziarrak desagertzen ari dira, hormatzarretan gero eta luizi gehiago daude… Glaziarren kolapsoaren adibide da Marmoladako izotz jausia. Arriskutsuegi bilakatu dira mendizaleentzat kutunak diren igoeretako batzuk. Ondorioz, hainbat ibilbide baztertu eta berriak bilatu beharrean daude.