GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Dolly ardia jaio zen, klonazioaren arrakasta mugatua

Ugaztun bat lehenbizikoz klonatzea lortu zuten 1996an. Dolly arkumea jaio zenean, giza klonazioa agudo lor zitekeela pentsatu zuen aunitzek eta, kezkatuta, aurkako legeak idatzi zituzten herrialde gehienek. Baina Dollyren arrakasta mugatua izan zen: osasun arazoak izan zituen, eta zazpi urterekin hil zen, 2003an. 

Disekatutako Dolly ardia, Eskoziako museo batean. (WIKIPEDIA)

Gaur 27 urte jaio zen Dolly ardia, 1996ko uztailaren 5ean, nahiz eta ez zuten berria 1997ko otsailera arte eman. ‘Nature’ aldizkarian plazaratu zuten albistea, Dolly arkumearen argazkia azalean aurkeztuz. Eskoziako Roslin Institutuan sortu zuten bildotsa Keith Campbell, Ian Wilmut eta lankideek. Hiru ama izan zituen Dollyk: batek arrautza ipini zuen, bertzeak DNA, eta hirugarrenak enbrioi klonatuaren sabelaldia burutu zuen. 

Klonatutako lehenbiziko ugaztuna izan zenez, eredu bilakatu zen. Aunitzek pentsatu zuten horrela segituz gero azkar lortuko zela pertsonak klonatzea ere. Beldur edo kezka horregatik, kontrako legeak idatzi zituzten herrialde gehienek.

Zazpi urte bizi izan zen

Dolly klonatzeko, obulu baten material genetikoaren ordez, ugaltzeko zelula batena jarri zuten. Arrakasta izan zuten aurreneko aldiz. Arrakasta mugatua izan zen, ordea. Osasun arazoak sufritu zituen arkumeak, eta denbora baino lehen zahartu zen. Bertzeren artean, artritisa jasan zuen, eta arazoak izan zituen ibiltzeko. Zazpi urte zituela hil zen.

Roslin Institutuan igaro zuen bizialdia. Galesko mendi-ahari batek estali zuen, eta sei bildots egin zituen: Bonnie; Sally eta Rosie bikiak; eta Lucy, Darcy eta Cotton hirukiak.

Dollyk frogatu zuen klonazioa ez zela batere erraza: bera jaio aitzinetik 277 saiotan egin zuten huts eta lortu zutenean ere garaia baino lehen zahartu zitzaien klona. 27 urte igaro dira eta oraindik ez da gizakirik klonatu... guk dakigula behinik behin. ‘Scientific American’ aldizkariak ondorioztatu zuenez, Dollyk utzi zigun ondare nagusia ez zen animalien klonazioa izan, baizik eta zelula amen ikerketa.