12 JUIL. 2023 Gaur X urte Miguel Angel Blanco hil zuen ETAk duela 26 urte ETAk bi egunez bahituta izan ostean, Miguel Angel Blanco PPko zinegotzi ermuarra hil zuen. Presoak gerturatzea eskatu zion erakundeak Madrilgo Gobernuari. Eskaera ez zen bete eta ETAk Blanco akabatu zuen. Marimar Blanco, Miguel Angel Blancoren izeneko Fundazioaren aurkezpenean. (Luis Jauregialtzo | FOKU) GAUR8 Uztailaren 12ko iluntzean topatu zuten Lasarte-Oriako larre batean Miguel Angel Blanco ermuarra. Ermuako PPko zinegotzia izan zen 1995 eta 1997 urteen artean. Urte horretako uztailaren 10ean bahitu zuen ETAk, eta trukean euskal presoen dispertsioarekin amaitzea eskatu zion Madrileko Gobernuari. Ez zen halakorik gertatu, Madrilgo Gobernuak ez zuen elkarrizketarik abiatzeko borondaterik erakutsi, eta uztailaren 12an iluntzean bi tiro eman zizkioten Miguel Angel Blancori. Aurkitu zutenean bizirik zegoen, baina ez zen biharamunera bizirik iritsi.Lanbidez igeltseroa zen eta ekonomialaria ikasketei dagokionean, 1995ean Alderdi Popularreko kide egin zen, eta urte horretan bertan izan zen Ermuako zinegotzi bezala aukeratua. Ermuarra bahitu zutenean, Egin Irratira iritsi zen albistea zabaltzeko deia: zinegotziaren truke presoak gerturatzea eskatu zuen erakundeak. Arrats horretan bertan hasita, mobilizazio luze eta jendetsuak izan ziren ETAren aurka eta Blanco askatzea galdeginez Euskal Herrian zein espainiar Estatuan zehar. Jose Antonio Ardantza zen orduan Lakuako lehendakaria eta Madrilen buru zegoen Aznarrek urratsik ez eman izanaz kexatu zen. Bi egunen buruan, hiltzear aurkitu zuten Blanco, eta kaleek protestez beteta jarraitu zuten, eta zenbait liskar ere sortu ziren kalean. Egun horiek zein ostekoak gogoan izango dituzte alde guztiek; izan ere, «Ajuria Eneako ituna» bezala ezagutu zena bertan abiatu zela esaten dute batzuek. Herri Batasunako alkateak zituzten herriei zentsura-mozioak jarri zizkieten, Arrasaten alkatetza kentzeraino. Bestalde, ekainaren 28an Herri Batasunak deituta 45.000 herritarreko mobilizazioa egin zen Donostian, «Askatasuna eta demokrazia» lelopean, azken gertakariei erantzunez.