GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Francisco Cepeda hil zen Tourrean istripu bat izanda

Francisco Cepeda txirrindulariak, ezaguna behar zuen Hego Euskal Herritik Frantziako Tourra egiten lehendabizikoa izateagatik, baina gehienek Tourrean bertan izandako bere heriotzagatik gogoratuko dute.

Francisco Cepedaren omenezko oroigarria bere herrian, Sopuertan (Oskar Matxin | FOKU)

Ofizialki nola gertatu zen argitu gabe baldin badago ere, uztailaren 14an, gaur 88 urte hil zen Francisco Cepeda txirrindulari bizkaitarra Frantziako Tourrean. Istripuaren arrazoi nagusia zantzu guztien arabera gurpilaren hagunetik tutua atera izana da, baina ez da oso argi geratzen tartean autoren batek bultza ote zion.

Gutxiegi aitortutako txirrindularia da zale askorentzat Francisco Cepeda (Sopuerta 1906- Grenoble 1935), lau aldiz hartu zuen Frantziako Tourrean parte, nahiz eta 1930ekoan soilik gurutzatu zuen helmuga, horrela itzuli osoa egin zuen Hego Euskal Herriko lehen txirrindularia bihurtu zen.

1935ean abiatu zuen berak egindako azken itzulia, zazpigarren etapan gertatu baitzen gertakari lazgarria eta ezin izan zuen amaitu. Frantziako itzulia abiatu zenerako ondoezik zegoen Sopuertako txirrindularia, baina egunetik egunera hobera zihoala ematen zuen. Zazpigarren etapan mendate bat igotzea zegokion, eta zaleak gogoz zeuden, euskal txirrindulariak ohituta baitaude mendateetara. Baina Bourg-d´Oisans atzean utzi eta erorketa larri bat izan zuen garezurreko traumatismo handi bat eragin ziona. Medikalizatutako ibilgailurik ez zegoenez, badirudi partikular batzuek eraman zutela Cepeda Grenobleko ospitalera.

Osasun etxean «oso larritzat» jo zuten bere egoera; garezurraren oinarrian haustura bat baitzuen. Eta medikuek eginahalak egin arren, Cepedak ez zuen konorterik berreskuratu. Istripua izan eta hiru egun geroago hil zen, uztailaren 14an, 29 urte zituela. Hexagonorako itzulera zorrotzaren lehen biktima bihurtu zen.

Inoiz ez da argipen ofizialik eman Cepedaren heriotzaren inguruan, ez eta oroimen ekitaldi handirik egin. Aurtengo Frantziako Tourra Bizkaiatik abiatzen dela eta, bere herritik pasatzeko eskatu zuen herritar talde batek, baina azkenean ez da hala izan. Alvaro Rey Cepeda, txirrindulariaren iloba txikia, bere senidearen heriotza ikertu eta memoria osatzen dabil.