21 JUIL. 2023 GERTUKO PLANAK Arrikrutz kobak, geologiaren eta paleontologiaren lur barruko taupada Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo. Amagoia Mujika Aizkorriren magalean eta Arantzazutik gertu, lurraren barrunbeetara bidaia eskaintzen dute Oñatiko Arrikrutz kobek. Kareharrizko gune konplexua da, urak bere bidea egin duen lur azpiko paraje paregabea, begiak eta belarriak zorroztu behar diren tokia, iluntasunak eta isiltasunak bestelako forma hartzen baitute haitzulo horretan. Alex Ulek egin digu ongietorria Arrikrutz koben atarian. Kobetako teknikaria da eta ondo ezagutzen ditu lurrazpi horretan gertatu diren eta gertatzen diren asko. Denak ez, ez berak ez inork, haitzulo horren parte handi bat esploratu gabe dagoelako oraindik. Ez interes faltagatik, esploratzeko zailak diren bazter asko dituelako baizik. Orain arte esploratu denetik abiatuta, Arrikrutz kobazuloa 15 kilometro luze dela esan daiteke, Gipuzkoako luzeenetakoa. Geologikoki balio handikoa da, formazio oso interesgarriak biltzen dituelako. Jurasiko eta Kretazeo aldietan sortutako prozesu geologikoen emaitza da Arrikrutz. Bi errekak -Arantzazu eta Aldaola- sorturiko prozesua. Erreka bakoitza bere bidetik sartzen da mendira, mendi barruan elkartu eta elkarrekin ateratzen dira bertatik. Estalaktitak, estalagmitak, paretetako koladak, ursak -urez betetzen diren lur putzuak-... egitura zoragarriak ditu haitzuloak. Alex Ule, kobetako teknikaria. Gorka RUBIO | FOKU Uleren azalpenak argigarriak dira. «Ez gara kontziente euria egiten duen aldiro gertatzen denaz. Zerutik etortzen dena ez da ura bakarrik, ura eta atmosferan dagoen CO2a elkartu egiten dira eta intentsitate baxuko azido karboniko bihurtzen dira. Euri azido horrek kareharria ukitzen duenean ikusten ez den erreakzio kimiko bat gertatzen da eta karea kentzen dio, lapurtu egiten dio. Lastotxo moduko batetik jaisten da haitzuloraino eta bertara iristean beste erreakzio kimiko bat gertatzen da. Haitzuloan dagoen oxigenoarekin batzean, atmosferan hartu duen CO2a askatzen du urak. Desegiteari utzi eta eraikitzeari ekiten dio orduan. Oso azkar eratzen diren baina oso-oso txikiak diren kristalezko egiturak eratzen ditu paretetan», azaldu du Ulek. Estalagmitak eta estalaktitak horrela sortzen dira, baita elefante belarriak ere paretetan, “kortinak” ere deituak. Oso-oso finak, mikrokristalez osatuak eta argiak zeharkatzeko modukoak dira. Bisita osoan zehar bazter guztietan pausatzen da bisitariaren begirada, mendeetan eraikitako eta artean eraldatzen ari den ingurunea topatzen baitu bertan. Eta gidariaren azalpen bikainekin, are ederragoa ikusten da haitzuloa. Paleontologikoki ere aparteko balioa dauka. Dagoeneko desagertuak dauden animalien arrastoak topatu dira bertan; Errinozero iletsua (Coleodonta antiquitatis), leize hiena (Crocuta crocuta spelaea), orein erraldoia (Megaloceros giganteus), leize hartzak (Ursus spelaeus)... Aurkikuntzetan garrantzitsuena 1966. urtean egin zuten Arantzazuko bi ikaslek: Iberiar penintsula mailan bakarra den leize lehoiaren (Panthera leo spelaea) hezurdura osoa. «Berezitasuna da munduan hezurdura osoak oso gutxi daudela. Leizeetako lehoiak asko topatzen dira koba guztietan, baina ez hezurdura osoak. Munduan hamar ale inguru daude eta horietako bat, Oñatin», nabarmendu du Ulek. Duela 35.000 urte bizi izandako leize lehoi emea da, kobara sartu zen eta bertan hil zen. Bere hezurdura osoa barruan geratu da. Lehoiaren aurkikuntza 1966. urtean Aipatu bezala, 1966. urtean egin zuten aurkikuntza garrantzitsu hori Iñaki Zubeldiak eta Jesus Manuel Marotok. Arantzazuko fraideen eskolako ikasleak ziren eta ez zen Arrikrutzera sartzen ziren lehen aldia. Bertako Aranzadi aretoan sartu ziren, kandelaz eta egunkari paperez egindako argi zuziez lagunduta. Eguerdiko ordu bietan sartu ziren eta zortzietan Arantzazun egon beharra zuten. Ibili gabeko galeria batera iritsi ziren eta bertan topatu zuten tamaina handiko hezurdura bat. Hartza izango zela pentsatu zuten. Handik atera eta kobazulotik ateratzen saiatu ziren, baina galdu egin ziren, irteerarik ezin topatu. Goizeko seietan entzun zuten beren bila zebiltzanetako batek jotako adarraren hotsa. Orduan salbatu ziren. Galdu izanaren sustoa pasatuta, Arantzazuko liburutegiko liburu batean topatu zuten hartzaren hezurdura bat eta konturatu ziren Arrikrutzen ikusitako hezurdura horren oso desberdina zela. Beste espedizio bat prestatu eta berriz sartu ziren hezurdura zegoen tokiraino. Hagin bat kendu zioten eta Aranzadiko Jesus Altunari bidali zioten. Eta hura konturatu zen aurkikuntzaren tamainaz: leize lehoi baten hezurdura osoa zen. Arrikrutzek, beraz, arlo askotariko misterioak eta altxorrak biltzen ditu bere baitan. Bertara sartzea beste mundu batera bidaiatzea da. Plan desberdinak egiteko aukera Plan desberdinak egin daitezke, gainera. Arruntenak “Galeria 53” du izena, ordubete inguruko ibilaldia da. Erraz samar egin daiteke, baina eskailerak daude tartean eta beraz, aulki gurpildunekin ezin da pasatu -222 eskailera jaitsi eta igo behar dira-. Oinetako erosoak eta jertse edo beroki bat behar dira, urte osoan hamar gradu baitaude kobazulo barruan. 360 metroko galeria da eta 55 metroko desnibela du. Horren baitan dago estalagmiten gela erraldoia, zortzi metrora iristen den pieza batekin tartean. Bigarren aukera adin txikiko haurrak dituzten familiei begirakoa da, hiru urtetik gorako haurrentzat pentsatua. Iluntasunean egiten da bisita eta iluntasunari beldurra galtzea da erronketako bat. “Ilunpeko altxorrak” izena du esperientzia horrek eta ordubete baino gutxiago irauten du. Erraz egin daiteke haurrekin eta esperientzia ederra izaten da familientzat. Hirugarren aukera, “Espeleo Txiki”, sei urtetik gorakoentzat, abentura plan bat da. Bi ordu eta erdiko ibilbidea da eta aldatzeko arropa ekartzea komeni da. «Barruan arrastaka ibiliko gara, pixka bat eskalatzen... abentura ibilaldi bat da», azaldu du Ulek. Eta, azkenik, helduentzako hiru ordu eta erdiko ibilbide bat dute prestatuta, “Galeria 53”-tik sartu eta Arrikrutz kobetatik ateratzen dena. Hau da benetan Arrikrutz kobazulora iristen den ibilbide bakarra. «Errekak zeharkatu behar dira, eskalada gehiago egin, katazulo txikiagoak zeharkatu... benetako abentura da, kirola maite dutenentzat pentsatua, baina edonork egin dezake, abenturazale diren guztientzat». 2007an ireki zituen kobak bisitarientzat Oñatiko Udalak. «Normalean jendea asko harritzen da koban sartzerakoan eta beste mundu bat deskubritzerakoan. Maiz urrutira joaten gara altxor bila eta etxetik gertu altxor ederrak ditugu, Arrikrutzekoa bezalakoak», esan du Ulek. Kobaren benetako dimentsioak ezezagunak dira oraindik, esploratzeko asko falta dela jakitun dira adituak. Baina ikusgai dagoen laginak bisitaria harritu egingo du. Jakin beharrekoak Oñatiko erdigunearen eta Arantzazuko santutegiaren tartean daude. Aparkalekua beheko partean dago eta hamar minutuko bidea egin behar da oinez kobetara gerturatzeko. Helduen sarrerak 9 euro balio du; 5-16 urte bitarteko gazteenak, 6 euro; 0-4 urte bitarteko haurrak dohain sar daitezke. Jubilatuek, langabetuek, taldeek eta ikastetxeek prezio bereziak dituzte. Uztail eta abuztuan ordutegia honako hau da: 09:30-14:00 eta 15:30-19:00. Erreserba egitea beharrezkoa da (943082000). Informazio gehiago, «www.oñatiturismo.eus».