23 JUIL. 2023 Gaur X urte Gaurko egunez ikusi zuten Pertur azken aldiz 1976ko uztailaren 23an ikusi zuten azken aldiz Eduardo Moreno Bergaretxe ETAko kidea. Hainbat ikerketa egin izan dira bere desagerpena argitzeko eta bere gorpua aurkitzeko, baina ez dute emaitzarik izan. Perturren kasuak argitu gabe jarraitzen du 47 urte geroago. (GAUR8) GAUR8 Eduardo Moreno Bergaretxe ETAko kidea, Pertur goitizenez ezagunagoa, 1976ko uztailaren 23an ikusi zuten azken aldiz, gaur dela 47 urte. Geroztik, hainbat ikerketa egin izan dira bere desagerpena argitzeko eta bere gorpua aurkitzeko, baina ez dute emaitzarik izan. Pertur ETA (pm)-ko kide esanguratsuenetakoa izan zen, eta marxismo-leninismoa proposatu zuen erakundearen doktrinatzat. Ibilbide horrek teoria desberdinak sortu izan ditu bere desagerpenari buruz. Bi aipatu izan dira urte askoan. Batetik espainiar Estatuko indar parapolizialek edota italiar neofaxistek hil zutela, garaiko egoera kontuan hartuta askoz logikoagoa dirudiena; bestetik, ETA (pm)-an izandako barne-liskarren ondorio izan zela, familiak garai batean defendatu zuen tesia. Gerora ikerketa desberdinetan jakin izan diren datuen arabera –poliziaren ikerketa ofiziala erabat hutsala izan baitzen–, 1976ko uztailaren 26an, Perturrek 10.00etan hitzordu bat zuen Donibane Lohizuneko La Consolation tabernan, baina solaskidea ez zen azaldu. Dirudienez, Perturrek 11.00k aldera alde egin zuen tabernatik eta Pakito Mujika Garmendia eta Migel Angel Apalategi kideekin egin zuen topo. Perturrek autoan Pausura eramateko eskatu zien. Bertan elkar agurtu zuten unea da Pertur bizirik ikusi zuten azken aldia.Stefano Delle Chiaiek, eskuin muturreko neofaxistak, edota GALekin zer ikusia izan zuten zenbait pertsonaiek azken urteetan egindako adierazpenek Pertur Estatu terrorismoaren biktima izan zenaren ideia indartu dute. 2008an beste ikerketa prozesu bat ireki zen espainiar Estatuan, baina emaitzarik gabe itxi zen 2021ean.