03 AOûT 2023 Gaur X urte Gaur hiru urte hil zen John Hume, Irlandako iparraldeko bakearen artisaua 2020ko abuztuaren 3an, John Hume politikari iparirlandarra hil zen Derryko zahar-egoitza batean. Irlanda iparraldeko gatazka armatua bide politikoetatik bideratzeko egindako ahalegin arrakastatsuengatik 1998an Bakearen Nobelarekin saritua izan zen. John Hume. (CESAR RANGEL-AFP) GAUR 8 Gaur 3 urte hil zen John Hume, Irlanda iparraldeko gatazka armatua amaitzen gehien lagundu zuen politikarietako bat. 83 urte zituela hil zen Derryko egoitza batean. Bertan bizi zen, zahartzaroko dementzia zela eta. Hume eskubide zibilen aldeko mugimenduko aktibista nabarmena izan zen 60ko hamarkadan, eta 70eko hamarkadan Alderdi Sozialdemokrata eta Laborista (SDPL) sortu zuen beste batzuekin batera. Ipar Irlandako Gobernuko kide izatera eta Westminsterren eserleku bat izatera iritsi zen. Bere lorpenik handiena Irlandako iparraldeko gatazka armatuarekin lotuta dago. 1985eko Anglo-Irlandar Akordioa ekarri zuten isilpeko negoziazioetan inplikatuta egon zen, gerora bi aldeek atzera bota zutena. Urte batzuk geroago, Hume-Adams Prozesuaren buru izan zen. Prozesu horrek IRAren lehen su-etena bultzatu zuen 1994an, eta 1998ko Ostiral Santuko Akordioetarako bidea argitu zuen. Humek Bakearen Nobel saria jaso zuen David Trimble (UUP) buruzagi unionistarekin batera, 30 urteko gatazka armatuaren aurrean «irtenbide baketsu bat aurkitzeko egindako ahalegina» aitortuz. «Ez dago John Humek Ipar Irlandako prozesu politikoan egindako ekarpena eskertzeko modurik», adierazi zuen Mark Devenport BBCk Belfasten duen editore politikoak.