GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaur 25 urte erasotu zituzten Ameriketako Estatu Batuek Afrikan zituzten enbaxadak

Kenyako enbaxadaren aurkako atentatuan, Nairobin, gutxienez 213 pertsona hil ziren eta 4.000 eta 5.500 artean zauritu. Tanzaniako enbaxada ere erasotu zuen Al-Qaedak Dar es Salaam hirian.

Tanzaniako enbaxada, atentatuaren ostean. (WIKIPEDIA)

1998ko abuztuaren 7an Ameriketako Estatu Batuek Afrikan zituzten enbaxadei egindako bi atentatu jaso ziren, zehazki Nairobi (Kenya) eta Dar es Salaam (Tanzania) hirietan. Eraso horien egileak Al-Qaeda talde islamikoarekin lotuta zeudela zabaldu zenez, Osama bin Laden Al-Qaedako liderra FBIko hamar iheslari bilatuenen zerrendan sartu zuten.

Nairobiko enbaxadaren aurkako erasoan, gutxienez 213 pertsona hil, horien artean 12 estatubatuar, eta 4.000 eta 5.500 zauritu artean izan ziren. Leherketa bortitzaren ondorioz, erabat suntsituta geratu ziren hiriaren erdialdeko hainbat eraikin handi. Gertakariak Kenyako ekonomiaren ahultzea ere ekarri zuela salatu zuten zenbait agintarik.

Atentatuei erantzuteko, 1998ko abuztuaren 20an, Infinite Reach («Irismen Mugagabea») operazioa burutu zuten. Misil bidezko eraso baten bidez, Estatu Batuetako Itsas Armadaren gurutzeontzi batetik Al-Qaedak Afganistanen zuen entrenamendu-kanpamentu bat eta Sudango farmazia-lantegi bat suntsitu zituztela ziurtatu zuten AEBetako agintariek. Al Shifa lantegian arma kimikoak egiten zituztela eta Osama bin Ladenek kontrolatzen zuela susmatzen omen zuten agintari estatubatuarrek.

1993an World Trade Centerren egindako atentatuarekin, Saudi Arabiako Khobar Towersen bonbardaketarekin eta Yemengo USS Coleren aurkako erasoarekin batera, Amerikako Estatu Batuek Afrikan dituzten enbaxaden aurkako erasoak 2001eko irailaren 11ko atentatu famatuen aurretik estatubatuarren aurka egindako erasoen zati dira.