10 AOûT 2023 Gaur X urte Santa Kruz apaiza gaur 97 urte hil zen Kolonbian Manuel Ignazio Santa Kruz Loidi, Santa Kruz apaiza izenez ezagunagoa, Bigarren Karlistaldiko pertsonaia ezagunenetako bat da. Ospetsu egin zen gerrilari bezala erakutsitako ausardia eta balentriengatik, baina baita bere ankerkeriagatik ere. Santa Kruz apaizaren garaiko irudi bat. (GAUR8) GAUR8 Manuel Ignazio Santa Kruz Loidi, Santa Kruz apaiza izenez ezagunagoa, gaur 97 urte hil zen Paston, Kolonbian, 84 urterekin. Elduainen, Gipuzkoan, 1842ko maiatzaren 23an jaioa, Santa Kruz apaiz eta gerrilaria Bigarren Karlistaldiko pertsonaia ezagunenetako bat da. Umezurtz geratu ostean, amaren aldeko osaba baten laguntzari esker Gasteizko apaiztegian ikasi eta apaiztu zen. Apaizgai garaian bere izaera asaldatuak, indarrak, malgutasunak eta abenturazaletasunak nabarmendu zuten eta ez ikasteko zaletasunak. 1866an Hernialdera bidali zuten apaiz-lanetara. 1868ko iraultza garaian Santa Kruz karlismoaren aldeko propaganda aktiboa egiten hasi zen. 1870eko urriaren hasieran arrazoi horregatik atxilotu zuten, baina urriaren 6an Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen. Baina 1872ko apirilean, Bigarren Karlistaldia hasi zenean, muga igaro eta gerrilari talde batean kapilau sartu zen. Ahaleginak ez zuen arrakastarik izan eta Ipar Euskal Herrira itzuli zen, baina Santa Kruzek ez zuen Zornotzako ituna onartu eta abuztuan muga zeharkatu zuen berriz ere, gerrilari talde baten buru. Famatua da Aramaion atxilotu ostean egin zuen ihesaldia, hainbat orduz urazpian kanabera batekin arnasa hartuz. Ipar Euskal Herrian babesa lortu eta 1872ko abenduan muga berriro igaro zuen, 50 laguneko taldea bilduz. Bere fama areagotuz zihoan ordurako. Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan aritu zen borrokan eta berehala karlismoaren buruzagi agerikoenetako bat bihurtu zen. Ospetsu egin zen bere ausardia eta balentriengatik, baina baita bere ankerkeriagatik ere, eta horrek, bere jokaera askeari lotuta, gatazkak sortu zituen Santa Kruz eta karlismoaren buruzagi militarren artean. Antonio Lizarraga jeneralaren aginduz gerra-kontseilua egin zioten, heriotz zigorra jasoz, baina handik gutxira indultua eman zioten. Santa Kruz apaizaren inguruko gertakari eztabaidagarrienak 1873an iritsi ziren. Apirilean Juan Egozkue bere taldeko komandantea fusilarazi zuen eta ekainean "Endarlatsako fusilamenduak" gertatu ziren. Iturri batzuen arabera, Santa Kruzek bizirik uztearen truke errenditu ziren 28 karabinero fusilatzeko agindua eman zuen. Beste batzuen arabera, errenditzeko bandera atera ondoren, karabineroak tiroka hasi zitzaizkion Santa Kruzen miliziari. Irailean berriro Gipuzkoara itzuli zen, Lizarragak bere gizon batzuk fusilatu zituela jakin ostean. Aritxulegin zuen gotorlekua baina ez zen luzaro izan, abenduan behin betiko atzerriratu zen, lehenengo Frantziara (Nantes eta Lillen) eta gero Ingalaterrara. Jesusen Konpainian sartu ondoren misiolari aritu zen Jamaikan eta Kolonbian. Azken herrialde horretan hil zen 1926ko abuztuaren 10ean.