GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Zazpi urte bete dira Maialen Chorrautek bere ibilbide arrakastatsuan goia jo zuenetik

Lasartearrak urrezko domina jantzi zuen Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan 2016ko abuztuaren 11an. Olinpiar Jokoetan bakarka urrezko domina lortu duen euskal emakuma bakarra da Chourraut.

Maialen Chorraut, Rioko garaipena ospatzen. (Carl DE SOUZA | AFP)

Gaur zazpi urte bete dira Maialen Chorraut lasartearrak bere ibilbide arrakastatsuan goia jo zuenetik. Londresen 2012ko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina lortu ostean, lau urte beranduago gipuzkoarrak urrezko domina jantzi zuen Rio de Janeiroko Jokoetan, K1 modalitatean azkarrena izanda.

Deodoroko Whitewater Stadium izeneko instalakuntzetan jokatu zen finalean maisuki gailendu zen Chorraut, 98.65 segunduan jaitsiera eginda. Haren atzetik sailkatu ziren Luuka Jones zeelandaberritarra (101.82) eta Londresen zilarrezko domina lortu zuen Jessica Fox australiarra (102.49).

Finalerdietan hirugarren denborarik onena eginda lortu zuen finalera igarotzea lasartearrak (101.83ko), Corinna Khunle austriarrak (101.54) eta Fiona Pennie britainarrak (101.81) bakarrik gaindituta.

Olinpiar Jokoetan bakarka urrezko domina lortu duen euskal emakume bakarra da Chourraut.

Bilakaera aparta

Rioko urrezko domina bilakaera paregabe baten emaitza izan zen. Atletico San Sebastian klubean hasi zen piraguismoan 12 urte zituenean, eta 2004an 23 urtez azpiko Europako txapeldunorde atera zen. Jokoetan debuta 2008an egin zuen, Beijingen, eta 16. postua lortu zuen.

Baina 2009ko Munduko Txapelketan beste jauzi bat eman zuen bigarren amaituz, eta hortik aurrera askotan zapaldu ditu podiumak. 2011ko Munduko Txapelketan hirugarren izan zen eta baita Londresko Olinpiar Jokoetan ere, ordura arteko bere arrakasta handiena erdietsiz: brontzezko domina olinpikoa.

Maialenek ez du bere maila jaitsi ordutik: 2015ean Markkleebergen jokatutako Europako Txapelketan urrezko domina kolkoratu zuen, 2016an aipatutako Rioko urrea, eta 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina (2021ean jokatu ziren Jokoak pandemiagatik).

2022an sorbaldan ebakuntza egin zioten arren, Maialen Chorrautek esperantza handiak ditu irailean jokatuko den Munduko Txapelketan, Londresen. Parisko Jokoetara sailkatu nahi du, bere laugarren Jokoetan parte hartzeko.