19 AOûT 2023 Gaur X urte Gaur 87 urte fusilatu zuten Federico Garcia Lorca 1936ko abuztuaren 19an hil zuten frankistek Federico Garcia Lorca idazle granadarra. Errepublikazalea eta homosexuala izateagatik fusilatu zuten, 36ko gerraren testuinguruan. Bere gorpua identifikatu gabeko hobi batean lurperatu zuten. Federico García Lorca. (Wikimedia Commons) GAUR8 Federico García Lorca poeta, narratzaile eta antzerkigilea Granadako Fuente Vaqueros herrian jaio zen 1898ko ekainaren 5ean eta 38 urte geroago hil zuten Víznar eta Alfacar herrien arteko punturen batean. Frankistek Frente Popular alderdiko militantea eta homosexuala izateagatik atxilotu eta fusilatu zuten. 27ko belaunaldiko kide ezagunenetariko bat da, eta XX. mendean gaztelaniazko literaturak izan duen idazlerik garrantzitsuenen artean dago. Bere antzerkiek fama handia dute eta Ramón María del Valle-Inclán eta Buero Vallejorekin batera mendeko hoberenak direla esan ohi da. 36ko gerra hasitakoan, errepublika garaian funtzionarioa izan zenez, Kolonbia eta Mexikoko enbaxadoreek beren herrietara atzerriratzea eskaini zioten, baina García Lorcak uko egin zien eskaintzei, eta Granadara joan zen uda pasatzera. Salaketa anonimo baten ondoren, 1936ko abuztuaren 16an atxilotu zuten Luis Rosales poeta eta lagunaren etxean; berehala askatuko zutela esan zioten «ez bazen bere aurkako salaketarik». Granadako gobernadore José Valdés Guzmánek eman zuen hiltzeko agindua eta poeta atxilotzeko agindua ere berak emana zion Ramón Ruiz Alonso CEDAko diputatu ohiari. Azken ikerketen arabera, 1936ko abuztuaren 19an fusilatu zuten, Víznar eta Alfacar udalerrien arteko bidean. Gorpua hilobi anonimo batean dago. Honakoak omen ziren exekuzio haren arrazoiak: oso militantea ez bazen ere, errepublikazalea zen eta baita homosexuala ere.