24 AOûT 2023 Gaur X urte Gaurko egunez jaio zen, 1932an, Xabier Arzallus Antia politikaria Xabier Arzalluz Antia Azkoitian jaio zen gaurko egunez 1932an. Euskal politikagintzako pertsonarik ezagunenetakoa izan da. EAJren Euskadi Buru Batzarreko presidente 1980tik 1984ra eta 1986tik 2004ra. Xabier Arzallus (Juan Carlos RUIZ | FOKU) GAUR8 EAJren eta abertzaletasunaren azken hamarkadetako buruzagi esanguratsuenetakoa izan den Xabier Arzallus Azkoitian jaio zen gaurko egunez, 1932an. 2019ko otsailaren 28an zendu zen. Ordurako aspaldi zuen erretiroa hartua, baina bere itzalak bizirik jarraitu zuen urte askoan. Berak markatu zuen EAJren ibilbidea luzaroan eta alderdiaren garai kritikoenetako bat zuzendu zuen, EAren bereizketa. Karisma handiko buruzagia izan zen. Ika-mikak izan zituen bai Espainiako politikariekin eta bai ezker abertzalearekin, eta haren esanek behin baino gehiagotan harrotu zituzten hautsak han eta hemen.EAJko presidente izan aurretik, frankismoaren azken urteetan eta Franco diktadorea hil ondorengo hilabeteetan parte hartu zuen Espainiako Gobernuko kideekin hainbat bileratan. 1977an, Espainiako Kongresurako diputatu aukeratu zuten, Gipuzkoan; EAJren zerrendaburua izan zen herrialde horretan. 1978an, Konstituzioaren aurreproiektuari zuzenketak aurkezteko EAJren taldeko kide izan zen Espainiako Kongresuan. Espainiako Konstituzioan foru lurraldeen eskubide historikoak jasotzen dituen puntua onartzea lortu zuten.1979tik aurrera, Gernikako Estatutuari buruzko negoziazioetan parte hartu zuen, Carlos Garaikoetxea, Emilio Gebara, Jose Luis Cuerda eta Juan Mari Ollorarekin batera. Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari aukeratu zuten 1980an, eta Arzalluzek alderdiaren gidaritza hartu zuen urte berean. Garai hartan piztu zen EAJk izan duen alderdi krisirik larriena. Lurralde Historikoen Legeari buruzko eztabaida zela eta, haustura izan zen alderdian. Ezin ulertu horren ondorioz, Eusko Alkartasuna sortzea erabaki zuten Garaikoetxeak eta haren aldekoek. 1986an sortu zen EA. Eztabaida giro horretan, Arzalluzek etena egin zuen alderdiaren gidaritzan. 1984an EBBko presidentetza utzi zuen, Cambridgen (Erresuma Batua) ingelesa ikasteko.1986an izendatu zuten berriro ere EAJko buru. EAren bereizketak kalte egin zion alderdiari, eta EAJk akordioak bilatu behar izan zituen Eusko Legebiltzarrean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gobernartzen jarraitzeko. PSErekin bultzatu zuen akordioak bide eman zion hurrengo urteetako gobernu lankidetzari, Jose Antonio Ardantza lehendakariaren gidaritzapean.Arzalluzek PSErekin adostutako Ajuriaeneko Ituna sinatu zuen, 1988an, EAJren izenean. Ituna normalizazioa eta bakea lortzeko urrats gisa aurkeztu zuten, eta ezker abertzalea politikoki zokoratzea ekarri zuen. PSErekin ez ezik, PPrekin ere egin zuen akordiorik. 1996an, Jose Maria Aznarrek irabazi zituen hauteskundeak Espainian. EAJk egonkortasuna eman zion PPren gobernuari, eta Gernikako Estatutuan jasotako hainbat eskumen jaso zituen Jaurlaritzak urte haietan, babes horren truke.1997ko uztailean, ETAk Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia bahitu eta hil ondoren, goia jo zuen Ajuriaeneko Itunaren moldeak, eta 1998rako amaitutzat eman zen haren bidea. Beste aldi baten hasiera izan zen euskal politikan, eta baldintza berrien ondorio izan zen Lizarra-Garaziko Akordioa, EAJren, EAren eta ezker abertzalearen artean, 1998ko irailean.2004an utzi zuen EAJko gidaritza, eta, 2005ean bere oroitzapenei buruzko liburua argitaratu zuen, “Así fue” izenezkoa. Hil baino hilabete batzuk lehenago bere ibilbide politikoari buruzko dokumentalaren estreinaldian parte hartu zuen.