27 AOûT 2023 Gaur X urte Gaurko egunez jaio zen Cesaria Evora abeslari caboverdiarra «Oinutsik dabilen diva» ezizenez ezaguna zen, eszenatokietara oinutsik agertzeko ohitura zuelako, babesgabeei eta beren herrialdeko emakume eta haur txiroei elkartasuna adierazteko. Cesarea Evora, Esch-sur-Alzette (Luxemburgo) hiriko Rockhal aretoan. (BREMOND-WIKIPEDIA) GAUR8 Cesaria Evora abeslari caboverdearra Mindelon jaio zen gaurko egunez, 1941eko abuztuaren 27an. «Oinutsik dabilen diva» ezizenez ezaguna zen, eszenatokietara oinutsik agertzeko ohitura zuelako, babesgabeei eta beren herrialdeko emakume eta haur txiroei elkartasuna adierazteko. Cise, bere lagunek ezagutzen zuten bezala, igandetan abesten eta emanaldiak egiten hasi zen bere hiriko plaza nagusian, bere anaia Lelak saxofoiarekin lagunduta. Baina bere bizitza oso lotuta dago Lombo auzoarekin, non Gregorio Gonçalves bezalako musikagileekin abestu zuen. 16 urterekin, Cesaria taberna eta hoteletan abesten hasi zen, eta, bertako musikari batzuen laguntzarekin, ospe handia lortu zuen Cabo Verden. 1975ean, Cabo Verdek independentzia lortu zuen urtean, Cesariak, arazo pertsonal eta finantzarioek zapuztuta, herrialde gaztearen zailtasun ekonomiko eta politikoekin aliatuta, abesteari utzi zion bere familia sostengatu ahal izateko. Hamar urtez luzatu zen aldi horretan, Cesariak alkoholismoaren aurka borrokatu behar izan zuen. Bana abeslariak animatuta, Cesaria Evorak berriro abesteari ekin zion Portugalen, eta handik gutxira Parisera joateko konbentzitu zuten. Han grabatu zuen 1988an "La diva aux pieds nus" diska eta baita 1992an "Miss Perfumado" albuma ere. Mundu mailan 300.000 ale saltzea lortu zuen eta bere abesti ospetsuenetako bat grabatu zuen bertan: "Sodade". Evoraren blues caboverdiarrak, oro har, herrialdearen isolamenduaren eta esklaboen merkataritzaren historia luze eta garratzaz hitz egiten du, baita migrazioaz ere, kanpoan bizi diren caboverdiarren kopurua herrialdeko biztanleria osoa baino handiagoa dela esaten baita. Hainbat osasun arazoren ondoren, 2010ean bihotzeko ebakuntza bat barne, abeslariak musikatik erretiratuko zela iragarri zuen, eta aurreikusita zituen kontzertuak bertan behera utzi zituen 2011ko irailaren 23an. Cesaria Evora 2011ko abenduaren 17an hil zen 70 urte zituela, Sousako Baptista Ospitalean, Mindelon.