GAUR8 - mila leiho zabalik

EHUren ikerketa batek ariketa fisikoak eskizofreniaren sintomak hobe ditzakeela berretsi du

EHUko ikertzaileen azterlan batek ariketa fisikoak eskizofrenia duten pertsonengan duen eragin positiboa berretsi du. Goibeltasuna edota apatia bezalako sintoma negatiboetan eragiten duen hobekuntza aipatzen dute ikertzaileek.

Mikel Tous eta Sara Maldonado EHUko ikertzaileak. (Nuria GONZALEZ | EHU)

EHUko GIKAFIT (Gizartea, Kirola eta Ariketa Fisikoa Ikerkuntza Taldea) taldeko Sara Maldonado Martinek eta Mikel Tous Espelosinek ariketa fisikoak eskizofreniaren sintomatologian duen eragina aztertu dute, eta ondorioztatu dute hobekuntzak alderdi fisikotik haratago doazela.

«Helburua zen ikertzea ea hobekuntzarik gertatzen zen osasun integralean, paziente-talde homogeneoetan izaten den ikuspegi falta landuz eta eskizofrenia duten pertsonei ahotsa emanez, haien esperientzia subjektiboak ezagutzeko», azaldu du EHUk ikerketaren nondik norakoez.

Zehaztutakoaren arabera, hiru motatako sintomak ditu eskizofreniak: «positiboak, negatiboak eta kognitiboak». «Positiboak eldarnio edo haluzinazioak izan daitezke, eta normalean, medikazioarekin trata daitezke», eta sintoma negatiboetarako (goibeltasuna, energia falta, apatia) «ez dago baliozko medikaziorik, baina ariketa fisikoaren bitartez sintomatologia mota hori hobetu liteke».

Zergatia burmuinaren funtzionamenduarekin lotuta dago: «ariketa fisikoa burmuinarentzako modulatzaile moduko bat da, proteina jakin batzuen agerpena areagotu eta garun-plastizitate bera hobetzen duena; hau da, burmuinean egokitze funtzional eta egiturazkoak gertatzen dira, ikasketaren, oroimenaren eta funtzio kognitiboaren hobekuntzekin lotuta agertzen direnak».

Eskizofrenia diagnostikatuta duten lagun talde batek ariketa fisiko konkurrentezko programa intentsibo batean parte hartu zuen. Ospitaletik kanpo, bost hilabetetan zehar, astean hirutan, atal aerobikoak eta indar eta erresistentzia zirkuitu bat konbinatzen dituen programa egin zuten.

35 minutuko elkarrizketak

Ariketa egin aurretik eta ondoren 35 minutuko elkarrizketa egin zitzaien parte hartzaileei. «Iraganean ariketa fisikoarekin izandako esperientziari buruz galdetzen genien, eta ea gaixotasunaren ondorioz ariketa fisikoa egiten jarraitu zuten edo ez. Programan hasi zirenean, haien sentipenei buruz galdetzen genien, eta amaitutakoan, ea zer onura nabaritu zuten», zehaztu du Tousek.

Ikertzaileek nabarmendu dutenez, lanaren emaitzek «ariketa fisikoaren erabilera estrategikoa babesten dute». «Ariketa fisikoa tratamendu lagungarria izan daiteke» eta «tratamendu farmakologikoari berari lagundu diezaioke», adierazi dutenez.

Gaixoen iritziei erreparatuta, gogamen arazoetan sumatu duten hobekuntza aipatu dute ikertzaileek, eta planteatu dute «egoera ideala» litzatekeela ospitale piskiatrikoetan kirolerako hezitzaile fisiko bat egotea: «aurrera eraman lezaketen era egokian diseinatu eta gainbegiratutako ariketa fisikoko programa bat».

Arabako Ospitale Psikiatrikoaren laguntza eta ikertzaileen zereginean azaldutako konfiantza eskertu dute ikertzaileek.