31 AOûT 2023 Gaur X urte Gaur 153 urte jaio zen Italian Maria Montessori, jeniorik bilatzen ez zuen pedagogoa Italiak eman duen pertsonaia garrantzitsuenetako bat zen Maria Montessori. XX. mendeko pedagogorik ezagunena bihurtu zen eta hezkuntza-kontzeptu iraultzaileak garatu zituen, haurraren auto-irakaskuntza oinarri hartuta. Maria Montessori, Italiak eman duen pedagogo behinena. (WIKIMEDIA) GAUR8 Maria Montessori gaur 153 urte jaio zen, 1870eko abuztuaren 31n, Italiako Ancora probintziako Chiaravalle herrian. 1896an, Erromako La Sapienza Unibertsitateko medikuntza fakultatean graduatu zen lehen emakumea izan zen, eta ikasketak bukatzean Psikiatriako katedran laguntzaile gisa lan egin zuen. Horrek aukera eman zion ezgaitasuna zuten haurren portaera aztertzeko, eta, haur horien bilakaera aztertu ondoren, konturatu zen, kasu askotan, haien garapenaren arazoa, medikua baino gehiago, pedagogikoa zela. Handik urte batzuetara, Eskola Ortofreniko berriaren zuzendari izatera iritsi zen. Erakunde horrek buru-arazoak zituzten haurrak hartzen zituen. Hor egin zuen lehen hurbilketa, testuinguru praktiko batean garatzeko hezkuntza-materialak diseinatzeari dagokionez. 1907an, lehenengo ‘Casa dei Bambini’ (Haurren Etxea) ireki zuen. Bertan, ezgaitasunik ez zuten haurrekin erabili zituen material horiek, eta hauek autoirakaskuntza-prozesua garatu zezaten lortu zuen. Urtebete geroago, bost haur-etxe zeuden Italian. Gaur egun ikastetxe askok erabiltzen dute ‘Montessori metodoa’. Metodo honen arabera, haurrek printzipio naturaletan (autonomia, independentzia, ekimena, aukeratzeko gaitasuna, borondatearen garapena eta autodiziplina) oinarritutako espazio batean ikasten dute, aurretik prestatutako espazio batean. Montessorik ez zuen jeniorik sortu nahi, pertsona bakoitzari bere gaitasunak garatzeko aukera eman nahi zion, bere kabuz eta besteekin. Era horretan, izaki orekatuagoak eta independenteagoak izaten lagundu zien haurrei.