03 SEPT. 2023 Gaur X urte Beslango bahiketa sarraskian amaitu zen gaur 19 urte Guztira 334 pertsona, 186 haur, hil ziren Beslango sarraskian. Talde armatu batek 1.100 pertsona bahitu zituen hiru egunez eta Poliziaren erantzuna ere hilgarria izan zen. Sarraskia gertatu zen eskolaren irudia. (WIKIMEDIA) GAUR8 Igande honetan, 19 urte bete dira Errusia modernoko sarraski okerrenetako bat jazo zenetik. Eskola batean gertatu zen. Talde armatu batek 1.100 lagun bahitu zituen, gehienak haurrak. Ehunka hil ziren, lehen eskola-egunean. 2004ko irailaren 1aren goizean, ehunka haur zeuden Beslango (Ipar Osetia) eskola batean. Ikasleak, 7 eta 18 urte bitartekoak, lehen eskola-eguna hasteko zain zeuden. Ospatzeko eguna izan ohi da Errusian ikasturteko lehenengoa eta, 2004ko hartan, 9.11 inguruan, 35 pertsonako talde islamista bat kamioi militarretan iritsi zen eta ikastetxean sartu, armak eskuetan. Islamistak berehala hasi ziren airera tiro egiten, eta jendea gimnasioan sartzera behartu zuten. Hasierako nahasmendu horretan, 50 bat pertsonak ihes egitea lortu zuten eta agintariei gertatutakoaren berri eman zieten. Poliziak tiroka erantzun zien talde armatuko kideei, eta haietako bat edo bi hil zituen. Baina tiroak amaitu zirenean, erasotzaileek eskolaren jabetza hartu zuten, eta 1.100 pertsona baino gehiago bahitu zituzten. Hurrengo hiru egunetan gertatu zena mugarria izan zen Errusiaren historian. Beslango bahiketa, Errusia 52 orduz arnasik gabe utzi zuena, erreskate-operazio nahasi batekin amaitu zen: talde armatuko 31 kide hil zituen Poliziak, eskolak su hartu zuen eta gimnasioko teilatua bahituta ziren lagunen gainera erori zen. Guztira 334 pertsona, 186 haur, hil ziren eraso hartan, eta 700 lagun baino gehiago zauritu ziren.