GAUR8 - mila leiho zabalik

Oroimenaren transmisioa eta tortura, Arrasateko Egiaren Topaketen ardatz

Arrasateko Egiaren Topaketak irailaren 11n abiatuko dira, memoriaren transmisioari begira. Belaunaldiz belaunaldiko transmisioa aztertzeaz gain, torturaren gaineko bi dokumental proiektatuko dituzte: ‘Bi arnas’ eta ‘Karpeta urdinak’. Gerrako haurrak dira azken dokumentalaren protagonistak.

Jardunaldien aurkezpena Arrasaten, Maider Morras alkatearen parte hartzearekin. (Intxorta 1937 Kultur Elkartea)

Hurrengo astelehenetik aurrera (irailak 11) Egiaren Topaketak egingo dituzte Arrasaten, Intxorta 1937 kulur elkarteak antolatuta. Memoriaren transmisioa jardunaldi horien ardatz nagusietako bat izango da. Izan ere, horren gaineko tailer batekin abiatuko da hitzordua.

Britainia Handiko Memory as Transgenerational Care (Memoriaren Belaunaldiz Belaunaldiko Transmisoa) lantaldeak tailer bat eskainiko du Arrasaten, «belaunaldiz belaunaldi oroimena nola transmititu den aztertzeko».

Bi saio izango du tailerrak: goizeko bat (10.00etatik 13.00etara), gerra umeak izandako pertsonen parte hartzea izango duena; eta beste bat arratsaldez (17.00etaik 20.00etara) gerrako haur izandakoen seme-alabentzako eta bilobentzako.

Tratu txarrak eta memoria

Egitarauaren bigarren hitzordua irailaren 14an izango da, ‘Bi arnas’ Maria Nieves Diaz ama eta Iratxe Sorzabal alaba protagonista dituen eta torturen gaineko testigantza jasotzen duen Jon Mikel Fernandezen dokumentalaren proiekzioa eskaintzeko. Juan Aranzamendi Musika Eskolan izango da, 18.30ean.

Ander Iriartek 1960. urtetik 2014 urtera EAEn izandako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua jorratzen duen ‘Karpeta urdinak’ dokumentalaren emanaldia izango da irailaren 21ean.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, proiekzio bakoitzaren ondoren zuzendariekin partekatzeko aukera izango du publikoak.

Egitaraua irailaren 26an itxiko da. Egun horretan, lore eskaintza egingo dute monolitoan, eta jarraian, ‘Britainia Handian babestu ziren Gernikako haurrak’ (‘The Gernika children who took refuge in Britain’) dokumentala eskainiko da 19.00etan, Musika Etxean. Azken emanaldi horrek Basque Children of 37 Association UK elkartearen kidea den Manuel Morenoren parte hartzea izango du.