GAUR8 - mila leiho zabalik

Dantza bertikala lantzeko formazioa eskainiko du Gautegiz Arteagako Udalak

Dantza bertikalaren teknika ikasi ahal izango dute aurten Gautegiz Arteagan, kultur etxeak antolatzen dituen ikastaroen arteko batean. Jaietan egindako erakustaldi batek izan zuen arrakasta ikusita, hamabi urtetik gorako lagunei zuzendutako ohiko eskaintzan txertatu dute formazio berria.

Dantza bertikalaren erakustaldiia, artxiboko irudian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gautegiz Arteagako hamabi urtetik gorako gaztetxoek dantza bertikalaren teknika ikasi eta lantzeko aukera izango dute Udalak antolatutako ikastaro baten bidez. Harrobi konpainiak emango du formazioa, Dingilizke prestakuntza programaren barruan.

San Antolin jaietan eskaini zuten dantza bertikalen erakustaldiak izan zuen erantzunak bultzatu du ekimena. Udal iturriek azaldu dute erakustaldiak izan zuen arrakasta eta harrera onaren aurrean, kultur etxeak urtero antolatzen duen jardueren eskaintzan txertatzea baloratu zela.

Paisaia, dantzarako baliabidea

Teknika bera lantzeaz gain, herriko eta inguruko paisaia dantza bertikalarentzat baliabide izan daitekeela azpimarratu dute udal iturriek. Zehaztu dutenez, «natura eta paisaia baliabideak ere izan daitezke arte adierazpena eta inspirazioa askatzeko baliabideak». «Dantza arte bizia da, sorkuntza teknika eta espazio ezberdinekin», adierazi du Patrik Saitua alkateak.

Programazioak dakarren ikastaro berriaren bidez dantza bertikalaren teknika ikasteko aukera eskaintzen da, Harrobi Dantza Bertikala konpainiako kideek gidatuta. Ikastaroa Gautegiz Arteagako frontoian izango da, urritik maiatzera bitartean.