GAUR8 - mila leiho zabalik

Bularreko minbiziaren aurkako lasterketa solidarioak arrosaz jantziko du Bilbo urriaren 8an

Urriaren 8an egingo dute Bilbon bularreko minbiziaren aurkako lasterketa. Izena emateko epea zabalik dago  olatu arrosa horren ibilbidea korrika zein oinez egiteko eta CIC Biogune burutzen ari den ikerketa bultzatzeko.

Bularreko minbiziaren aurkako lasterketa Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Arrosa koloreko olatu baten itxurarekin irudikatu ohi da parte hartze handia duen bularreko minbiziaren aurkako lasterketa solidarioa. Gaur aurkeztu dute edizio berria, urriaren 8an izango da, Guggenheim Museoko Zabalgunetik abiatuta.

Acambi bularreko eta minbizi ginekologikoko Bizkaiko elkarteak eta Urtzi gimnasioak antolatzen dute ekimena. Irabaziak CIC Bioguneren ikerketa proiektura bideratuko dira. Aurten, gainera, Acambiren 35. urteurrena da eta efemeridea oroitzeko kamisetak egin dituzte.

2014. urteko lasterketarekin hasi eta Maria del Mar Vivanco doktoreak gidatzen duen ‘Aurrerapen berriak bularreko minbiziari buruzko ikerketan’ ikerlanera joango dira kasmiseten salmentatik lortutako diru gehiena.

Elkarteak laguntza ematen die bularreko minbizia eta/edo minbizi ginekologia duten pazientei eta haien senidei, eta 425.892 euro eman dizkio ikerketari, emandako datuen arabera.

Ekarpenak egiteko bide ezberdinak

Aurrekoetan bezala, gehienez 10.000 lagunek parte hartuko dute lasterketan, eta 7.000 pertsonak eman dute izena jada, zehaztu dutenez.

Zortzi euro ordaindu behar da izen-ematea egiteko, ibilbidea bost kilometrokoa da eta lehiarik gabekoa, korrika zein oinez egin daitekeena.

Ekimenarekin bat egin nahi duenak 0 dortsala eros dezake lasterketan parte hartu gabe dohaintza bat egiteko 3035.0083.27.0830034765 Laboral Kutxaren kontuan edo Bizumen 01040 kodearekin.

Izen-emateak online dira Acambiren webgunean dortsalak agortu arte, eta elastikoak urriaren 3tik aurrera jasoko dira izena ematen den egunean aukeratutako Forumean eta Acambin.