GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Alexander Fleming bakteriologo eskoziarrak penizilina aurkitu zuen gaur 95 urte

Eskoziako East Ayrshiren jaio zen 1881ean eta Londresen hil 1955ean. Alexander Fleming zientzialaria penizilina aurkitzeagatik egin zen ezagun, 1928an. Bakterioek sortutako infekzioak tratatzeko erabiltzen den antibiotiko honekin mugarri bat jarri zuen medikuntzaren historian, eta antibiotikoen aroari hasiera eman zion.

Irudian, Alexander Fleming. (GAUR8)

Gaur 95 urte lehendabiziko antibiotikoa aurkitu zuen Alexander Fleming mediku eskoziarrak. ‘Penicillium notatum’ izeneko onddoak sortzen du penizilina, era naturalean. Kasualitatez egin zuen deskubrimendua bakteriologoak. Staphylococcus aureus bakterioarekin lanean ari zela, ‘penicillium notatum’ lizunaz kutsatu zenean, staphylococcus ez zela hazten ohartu zen. Ondorioz, onddoak bakterioaren hazkuntza galarazten zuen substantzia bat ekoiztu behar zuela ondorioztatu zuen.

Handik urte batzuetara, Howard Florey eta Ernst Boris Chain ikertzaileek penizilina garbitzea lortu zuten, eta laborategiko saguen infekzioak sendatzeko gai zela jabetu ziren. 1940 inguruan arrakasta handiz egin zituzten lehenengo saioak pertsonekin, eta 1945ean Nobel Saria eskuratu zuten hirurek, Fleming, Florey eta Chainek.

Antibiotiko honek interes handia piztu zuen Bigarren Mundu gerran. Medikuntza modernoan garai berri bati eman zion hasiera, antibiotikoen aroari.

Behatzaile fina eta sen apartekoa izaki, penizilinaren aitzinetik beste aurkikuntza bat ere egin zuen Eskoziako sendagileak, 20. hamarkadan eta zoriak lagunduta hau ere. Doministiku baten ondoren sudurreko muki bat plaka batera erortzean gertatu zen. Plaka horretan bakterioak ari ziren hazten, baina egun batzuk geroago bere sudurreko fluxua erori zen tokian bakterioak deuseztatu zirela konturatu zen. Hala deskubritu zuen lisozima, bakterioak kaltetzen dituen entzima.

Darvelen jaio zen zientzialaria, Eskoziako hego-mendebaldeko herri txiki batean. 13 urterekin Londresera joan zen eta bertako St.Mary's Schoolen bikain egin zituen Medikuntza ikasketak. St.Mary ospitalean txertoak ekoitzi eta hobetzeko lanean aritu zen lanean Lehen Mundu Gerra hasi arte.

Gerran, mediku ibili zen, Frantzian. Bertan harrituta gelditu zen infektatutako zauriek eragiten zituzten heriotza guztiekin. Hor hasi zen infekzioak ikertzen. Gerra amaitu ondoren St.Mary ospitalera itzuli zen, infektatutako zauriek sortzen zuten agonia ekiditeko antiseptiko baten bila. Hortik aurrera, bere bizitza osoa bakterioen infekzioen azterketari eskaini zion.

1955ean hil zen, bihotzeko baten ondorioz, eta Londresko San Paulo Katedraleko kriptan ehortzi zuten, heroi nazional gisa.