GAUR8 - mila leiho zabalik

Duatloi inklusiboa hartuko du Galdakaok urriaren 15ean

Galdakaoko Lehen Duatloi Supersprint inklusiboa jokatuko da Galdakaon urriaren 15ean. Mozoilo Triatloi klubak antolatuta, korrika egingo dira 2,10 kilometro, beste 8,75 bizikletaz eta 1,07 kilometro oinezko martxan.

Galdakaoko I. Duatloi Supersprint inklusiboaren aurkezpena. (Galdakaoko Udala)

Pasa den otsailean igeriketa sari inklusiboarekin zabaldutako bidean sakondu nahi du Galdakaok izaera inklusiboko beste proba bat babestuz: Galdakaoko lehen Duatloi Supersprint inklusiboa. Urriaren 15ean izango da Hego Uribeko udalerrian.

Proban parte hartuko duten kirolari guztiak baldintza berdinean arituko dira eta batera aterako dira, azaldu du Richard Gomez Mozoilo Triatloi klubeko ordezkariak. Zehaztu duenez, edonork parte ahal izango du, federatuta egon ala ez.

Hiru proba izango ditu hitzorduak: korrika egin beharreko 2,10 kilometro, 8,75 kilometro bizikletaz eta 1,07 kilometro oinezko martxan. Ibilbidea herri barnean egongo da, eta bizikletaz egin beharreko zatia Erletxeko biribilguneraino helduko da. Zehaztu dutenez, Euskadiko Txapelketa ere jokatuko da proban.

Hiru atal

Goizeko 10.00etatik aurrera hasiko da kirol proba, eta hiru atal izango ditu: gizonezkoen proba federatua, emakumezkoen proba federatua eta proba herrikoia, non bikoteka ere parte ahal izango den, aurreratutakoaren arabera.

Duatloiaren inguruko informazioa eskuragarri dago esteka honetan, eta bertan izena emateko aukera ere badago. Gainera, datorren igandean, hilak 8, Duatloi Txikia ere egingo da.

Iñigo Hernando alkatearen esanetan, «mugarria jarri zen herrian» otsaileko igeriketa probekin, eta «ohorea» da beste kirol jarduera inklusibo bat izatea. Eskerrak eman dizkie udal mandatariak antolatzaileei, eta Mozoilo Triatloi klubari bereziki, «herria saretzeko egiten duen lanagatik».