GAUR8 - mila leiho zabalik

Esther Blanco ikertzaileak enpresen deskarbonizaziorako garatutako startup-a saritu dute

Enpresa txiki eta ertainen eta galdara komunitarioen deskarbonizazioa ahabidetuko duen BAEA startup-ak emakume ekintzaileen lana nabarmentzen duen ‘Soir.ee Mademoiselle Basque’ saria jaso du. Esther Blanco EHUko ikertzaileak gidatzen du proiektua.

Esther Blanco EHUko ikertzailea. (Soir.ee Mademoiselle Basque)

‘Soir.ee Mademoiselle Basque’ saria irabazi du Esther Blanco EHUko ikertzaileak garatu duen BAEA startup-ak. Garapen Jasangarrirako Helburuekin konprometitutako emakume ekintzaileen lana nabarmentzen dute sari horiek.

Esther Blancoren kasuan, prototipo bat garatzen ari da enpresa txiki eta ertainetan karbono aztarna murrizteko. Bizilagunen komunitateetako galdara komunitarioetan ere ezar daiteke, zehaztu duenez.

EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Plentziako Itsas Estazioko irakasle eta ikertzailea da Blanco. Garatzen ari den prototipoan hainbat alga mota erabiltzen ditu CO2a oxigeno bihurtzeko.

Prozedura enpresetan zein galdara komunitarioetan erabil daiteke. Aireratzen dituzten gasak mikroalgen kultibo batera bideratzen dira, CO2 hori gorde eta eraldatu dezaten.

«Algei etekin handiagoa ateratzeko, Blanco Rayonek argiztapen sistema automatizatu bat patentatu du, alga mota bakoitza garatzeko baldintza egokiak lortzen dituena», azaldu dute EHUko iturriek.

Ikerlariak berak zehaztu duenez, edozein lekutara egokitu daiteke, «ez du axola non ari diren mikroalgak hazten, sistema hori erabiltzeko aukerak mugagabeak direlako».

Sistema horren softwarea hobetzean eta finantzaketa bilatzean zentratuta dago enpresa egun. EHUtik azaldu dutenez, BAEA startup-aren garapenean Plentziako Itsas Estazioak, EHUko Bizkaiko Campuseko ekintzailetzari laguntzeko programak, BEAZek eta SPRIk lagundu dute.