GAUR8 - mila leiho zabalik

Gizarte eta kultura ekimenetarako laguntzen deialdi berri bat ireki du Kutxa Fundazioak

Gizarte eta kultura proiektuetarako laguntzen deialdi berri bat iragarri du Kutxa Fundazioak, irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeei zuzenduta. Laguntzak 20.000 euro artekoak izango dira banakako ekimenen kasuan, eta 50.000 euro da muga lankidetza-ekimenetan.

Laguntza deialdi berrira aurkeztutako ekimenen arloak 2030 Garapen Jasangarrirako Agendan zehaztutako helburuekin lotuta joan behar dira. (Gorka RUBIO | FOKU)

Irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeei zuzendutako laguntzen deialdi berri bat plazaratu du Kutxa Fundazioak, gauzatu nahi dituzten gizarte eta kultura ekimenen finantzazioan laguntzeko.

Finantzaketa esparruak 2030 Garapen Jasangarrirako Agendan zehaztutako helburuekin bat egiten duten gaien ingurukoak dira, zehaztutakoaren arabera. Era horretara, Pobrezia, gizarteratzea eta bizikidetza, Gizarte-ongizatea eta autonomia pertsonalaren sustapena, Haurren eta Gazteen babesa, Zahartze aktiboa eta bakardadearen prebentzioa edota Genero berdintasuna, feminismoa eta gizarte ekitatearen sustapena daude proposatutako lan arloen artean.

Helburu zerrenda horren barruan badaude, bestalde, Jasangarritasuna eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko hezkuntza, Kultura sustatzea, Balioetan heztea eta herritartasun kritikoa sustatzea eta Euskara sustatzea, bere ikuspegi inklusibotik.

Laguntzen deialdiaren baldintzei dagokienez, zehaztu du Kutxa Fundazioak «gehienez ere, aurkeztutako aurrekontuaren %75» emango duela. Azaldu duenez, emandako laguntza ez da 20.000 euro baino gehiagokoa izango banakako ekimenen kasuan, eta gehienez 50.000 euro emango dira lankidetza-ekimenen kasuan.

Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago jadanik, eta abenduaren 11n itxiko da, arratsaldeko 14.00etan.