05 NOV. 2023 Gaur X urte Gaur 90 urte, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek autonomia estatutuaren alde eman zuten botoa lehenengoz Gaur 19 urte, 1933ko azaroaren 5ean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek agintaritza politiko propioa izan nahi zutela adierazi zuten. 1933ko azaroaren 5eko erreferendum autonomikoa Eibarren. (WIKIMEDIA) GAUR8 Gaur 90 urte, 1933ko azaroaren 5ean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek agintaritza politiko propioa izan nahi zutela adierazi zuten. Autonomia estatutuaren bueltako lehenengo erreferenduma izan zen, eta bigarren zedarri bat ere gainditu zen egun horretan: lehenengoz, emakumeek botoa emateko aukera izan zuten. Ez zen erraza izan, hala ere, erreferedum hartara iristeko bidea. Espainiar errepublikan aro esperantzagarriagoa ikusita, Jose Antonio Agirre lehendakariak Eusko Ikaskuntzari autonomia estatutu bat idazteko eskatu zion, baina ez zuen aurrera egin, errepublikarrek haien aurkako tresna gisa hartu zutelako. Bigarren saiakera batek lortu zuen aurrera egitea, diputatu errepublikanoek landutakoak. Onartu edo ez erabaki behar zuten herritarrek. Eta, hasiera batean, 1932ko uztailaren 3an egin behar zuten erreferenduma. Baina karlistak, Sanjurjoren golpearen porrotak... ezinezko egin zuten. Indalecio Prieto sozialistak berreskuratu behar izan zuen gaia berriz, nahiz eta gero estatutuaren kontra agertuko zen. 1933ko abuztuaren 6a iritsi zen, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako agintariek autonomiarako egitasmoa babestu zuten. Erreferenduma antolatu behar zuten, beraz. Ez zen erraza izan, EAJ, ANV, sozialisten eta bestelako taldeen artean liskarrak sortu zirelako, nor aterako ote zen irabazle estatutuarekin, errepublikanizatu egingo ote ziren gaur EAE osatzen duten lurraldeak, burgesiaren aldeko izango ote zen... Azkenean, erreferenduma egitearen aldeko jarrera gailendu zen, eta azaroaren 5ean egin zen, parte hartze handiarekin: herritarren %66ak eman zuen botoa eta autonomia estatutuari baiezkoa eman zioten gehienek. 1933ko azaroaren 19an hauteskundeak izan ziren Estatu espainiarrean; EAJk emaitza izugarriak lortu zituen, baina Madrilen eskuinak irabazi zuen. Indalecio Prietok hala esan zuen, baita asmatu ere: «Hauteskundeak irabazi dituzte, baina Estatutua galdu».