GAUR8 - mila leiho zabalik

Bideotikan, hiriko pantailetara adi egoteko jaialdia Bilbon

Azken aste hauetan Bilbo aire zabaleko galeria birtuala da Bideotikan arte digitalaren jaialdiari esker. Mundu mailako izen entzutetsuak bildu dituen edizio berri honetan larunbateko saioa nabarmendu dute, Bailenen artelanak pantaila handian ikusteko aukera egongo baita.

Bideotikan Arte Digitalaren Naziarteko Jaialdiaren hirugarren edizioa ospatzen ari da Bilbon. (Bideotikan)

Azaroaren 26ra arte, Bilboko kaleak eta eraikinak aire zabaleko galeria birtual handiak dira abian dagoen Bideotikan 2023 Bilboko Arte Digitalaren Nazioarteko III. Jaialdia dela eta.

Kaletik dauden ohiko pantailetan ikus daitezke sormen lan ezberdinak. «Publizitateak normalean betetzen dituen hiriko ikus-entzunezko euskarri horiek hiru astez arterako espazio gisa berreskuratzea da helburua», azaldu du Paula Bañuelos jaialdiko ekoizle exekutiboak.

Proiektu iradokitzaileak eta arte digitalaren munduko panoraman pisuzko izenek asmatutako abangoardiako sorkuntza ikusgarriak ikus daitezke, nabarmendu du. Erantsi duenez, «Bideotikanek mundu osoko sortzaileei beren lanak erakusteko espazio berritzaile bat» eskaintzen du, Bilboko publikoa begirada altxatzera gonbidatuz, formatu handiko pieza digitalez gozatzeko.

Jaialdiaren barruan, Bilbobuseko linea guztietako pantailak, Erriberako Merkatuko markesinak, Plaza Biribileko Turismo Bulegoaren barrualdeak edo Kale Nagusiko erakusleiho eta publizitateko hiri-altzarien edukia 30 segundoko obra digitalen erakusleiho dira, «halako museo iragankor, espontaneo eta doakoa sortuz».

16 sortzaileren lanak

Larunbatean, gainera, Emakumeen Plazan (Bailen kalea), pantaila handi bat jarriko da artista guztien lanak etengabe erakusteko, 10.00etatik 22.00etara. Guztira, 12 herrialdetako 16 sortzaileren lanak ikusi ahal izango dira, «gaur egungo arte digitalaren tresna eta estilo ezberdinen erakusgarri».

Jaialdiaren baitan antolatutako jardueren artean, bestalde, performancea egongo da Bilboko Berreginen Museoan azaroaren 25ean: Aaron Graham+ilithya-ren ‘Consciousness’. Bi saio izango dira, 19.00etan eta 20.00etan, sarrera librekoak biak, edukiera bete arte.