19 NOV. 2023 ‘Loa eta Laia’ euskarazko marrazki digitalek bigarren denboraldia dute Musika maite duten Loa eta Laia pertsonaien abentura berriak dakartza marrazki digitalen seriearen bigarren denboraldiak. Euskal kulturako pertsonaiak eta ospakizunak eta ohitura osasungarriak agertuk dira bi pertsonaien ibileretan. ‘Loa eta Laia’ marrazki digitalen proiektuko lantaldea. (GAUR8) GAUR8 ‘Loa eta Laia’ pertsonaien jarraitzaile txikiek abentura berriekin gozatu ahal izango dute, serie animatu digitalaren bigarren denboraldia hamar atal berrirekin baitator. Josu Bergara Aretxabaleta musikari eta publizista eta Paul Caballero Barturen daude proiektuaren atzean. Lehen denboraldian lortutako emaitza onek bigarrena sortzera bultzatu dute, eta proposamen berriekin dator. Bi eta zazpi urte bitarteko haurrei zuzenduta, «euskal kulturaren, ohituren eta balio unibertsalen transmisioa» lantzen du proiektuak. Musika da marrazkien ardatzetako bat, eta euskal kultura transmititzeaz gain, genero-berdintasunaren ikuspuntutik eraikitako istorioak dira. «Loa eta Laia pertsonaiak neskak izatea erabaki zuten eta liderrak eta taldearen gidariak dira, gainera», nabarmendu dutenez. Bizi dugun errealitatetik hurbil dauden marrazkiak izateaz gain, duten alderdi didaktikoa eta pedagogikoa aipatu dituzte sortzaileek, baita hainbat eskoletan egiten ari diren horien erabilera ere. Izan ere, fitxak bezalako baliabideak deskargatzeko aukera eskaintzen da marrazkiekin. Balioen lanketan duten erabilera ere nabarmendu dute, ingurumena, animalien eskubideak errespetatzearen beharra edo jasangarritasunarekin lotutako edukiak jorratzen baitira. Bergara eta Caballeroren ondoan, Ane Martinez Martinez eta Leire Aparicio Guerrero abeslariek eta David Sanchez Damian egokitzapen eta ekoizpen musikalaren arduradunek hartzen dute parte egitasmoan. EITBrekin, merchandising eta zuzenekoa EITB taldearekin akordioa itxi eta lehen denboraldia streaming bidez emititzen ari dela jakinarazi dute. Emandako datuen arabera, 200.000 erreprodukzio baino gehiago izan du serieak YouTuben. Kataluniatik ere interesa agertu dutela azaldu dute, eta ez dute beste hizkuntza batzuetara itzultzea baztertzen, baita «ikus-entzunezko jaialdietan parte hartzea» ere. Argi utzi dute, halere, proiektuak «euskaraz eta euskaragatik» izaten jarraituko duela.