GAUR8 - mila leiho zabalik

Paduren legatua, ‘Itzak: Urdaibaiko kultur paisaia’ liburuan

Paduren inguruko lehengo bizimoduak utzitako kultur ondarea bildu du ‘Itzak: Urdaibaiko kultur paisaia» liburuak. «Belaunaldiz belaunaldi eremu horrekiko maitasuna» transmititu zutenen aitortza ere bada, egileen esanetan.

Urdaibaiko Biosfera Erreserba, irudian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Padurek kulturan utzitako kultur legatua jaso dute Josu Narbartek eta Eneko Iriartek ‘Itzak. Urdaibaiko kultur paisaia’ liburuan. Lana Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko lankidetzaren emaitza da.

«Padura horiek herri lurrak izan dira Erdi Arotik, eta hainbat baliabide ustiatu izan dira, hala nola ganaduen bazka edo ihi bilketa. Dena den, XVII. eta XIX. mendeen artean egoera aldatu egin zen eta, eremua pribatizatzearekin batera, eskala handiko drainatze lanak egin ziren. Hala, munaz edo dikez (polderrak) itxitako eremuak eratu ziren, nekazaritzarako», gogoratu dute paisaia eta erabilera ezberdinak izan zituen espazioaz.

«Orain padurak dauden lekuan, nekazaritzako eremu aberatsak egon ziren. Hori dela eta, eremu horiekin lotutako hitz batzuk gordeta geratu dira eskualdeko memoria kolektiboan (‘itzak’ edo ‘itsasoak’, ‘munak’ edo ‘lubanak’). Antzinako biztanleek inguru zail batera egokitzeko egindako lana eta garatutako ezagutza erakusten dituzte hitz horiek», azaldu dute egileek.

Baserriak iraganean

Baserriak eta zoroak desagertzen joan dira eta jatorrizko ekosistemak berreskuratu dira. Apustu horren onurak nabarmendu dituzte, biodibertsitatearen eta ingurumenaren kalitatearen ikuspuntutik, «baina aldi berean, iraganeko paisaia horien aztarnak ezabatzen joan dira, eta horien gaineko memoria ezabatzen joan da», aipatu dute galtzen joan den kultur ondarearen zati horretaz.

Historia hori berreraikitzeko Erriberak proiektua sortu zuten, hura izan baitzen helburuetako bat, beste batzuren artean, eta EHU eta Aranzadiren arteko lankidetza horretan Lakuako Gobernuko Kultura Ondarearen Zentroak ere parte hartu du.

Narbarte eta Iriarteren esanetan, egun ikusten dugun paisaia hobeto ulertzen laguntzeaz gain, gizon eta emakumeen ekarpena aitortu nahi izan dute lanarekin, «belaunaldiz belaunaldi eremu horrekiko maitasuna helarazi baitziguten horiek».

Liburuan proiektuan parte hartu duten udaletxe guztietan eskura daiteke: Busturian, Muruetan, Foruan, Kortezubin eta Gautegiz Arteagan, eta salgai egongo da Durangoko Azokan.