GAUR8 - mila leiho zabalik

Bonbardatua izan zen Traslaviña geltokira bisita, 1936ko gerrari buruz antolatutako jardunaldian

1936ko gerrak Enkarterrin uzti zituen pasarteak aztertuko dituzte abenduaren 17rako Enkarterrietako Museoan antolatutako jardunaldian. Italiar abiazio faxistak egindako bonbardaketak izango dira ardatz nagusietako bat.

Abellanedan izango da jardunaldia, Enkarterrietako Museoan. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek Enkarterriko eskualdean 1936ko gerraren garapenari buruzko jardunaldia antolatu dute abenduaren 17rako. Bertan, gaiaren inguruko liburu bat aurkeztuko da, hitzaldia eskainiko dute eta Artzentalesko Traslaviña geltokira bisita gidatu bat egingo dute, «italiar abiazio faxistak bonbardaturiko guneetako bat» izan baitzen hori.

Bizkaiko Batzar Nagusiek jakitera eman dutenez, jardunaldia Enkarterrietako Museoak eta Batzar Nagusiek 2017an Italiako Aviazione Militare Artxibotik (Erroma) ekarritako dokumentazioa aztertu ondoren diseinatu da. Bertan, «Mussoliniren hegazkinek Enkarterrietako, Kantabriako eta Burgosko Merindadeetako hainbat eremutan egindako bonbardaketen datu eta argazki ugari daude», zehaztu dutenez.

Abellanedako Kultur Etxeak, gainera, dokumentazio berria aurkitzea espero du, «eskualdean izan ziren beste gerra-gertakari ezezagunei buruz argi gehiago emango duena».

Jardunaldian, Javier de la Colina Arancetak, Javier de la Colina Menendezek eta Fernando Obregon Goyarrolak idatzitako ‘Viento fuerte del Norte’ liburuaren aurkezpena egingo da.

Bonbardatutako geltokia

Burdin Hesiaren Museoko zuzendari Aitor Miñambres Amezagak alea aurkeztu ondoren, ‘Italiarren bonbardaketak Enkarterrietan’ hitzaldia emango du Javier de la Colinak.

Azkenik, Enkarterrietako Museotik 1936ko gerran bonbardatua izan zen Artzentaleseko Traslaviña geltokiraino egingo da ibilbidea oinez.

Jardueretan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da Enkarterrietako Museoaren webgunean.