GAUR8 - mila leiho zabalik

Txapasi elkarrizketa, «Txapasen kaxa magikoa» ipuin-diska argitaratu berritan

Euskara, musika, hezkuntza, herrigintza... Zaila da Josu Txapartegiren (Zarautz, 1946) ibilbidea hitz gutxitan laburbiltzea, baina «Txapasen kaxa magikoa» ipuin-diskak balio dezake bere lana hurrengo belaunaldiei trasmititzeko.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Bere ibilbideari omenaldi bat eginez, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek zarauztarraren lana inspiraziotzat hartu dute «Txapasen kaxa magikoa» ipuin-diska berrian, berak sortutako dozena bat abesti bilduz. Arantxa Urbek idatzi ditu testuak, Irrimarrak (Karmele Gorroño-Irene Irureta) egin ditu ilustrazioak eta Xabier Zabalak musika moldaerak.

Argitalpen hori aitzakiatzat hartuta, Txapasi egindako elkarrizketa luzea eta zabala argitaratuko dugu larunbat honetan. Elkarrizketa berezia, sinatzen duen kazetariak hiru urteko gelan bere irakasle izan zena elkarrizketatzeko aukera izan duelako 38 urte beranduago.

Txapasek 77 ditu, eta osasun gora-behera batzuk izan ostean, bere ohiko agenda betearekin jarraitzen du: abesbatzak zuzentzen, gitarra erakusten, ostiralero ikastolako haurrak –tartean bere ikasle izandakoen seme-alabak– kantuan eta dantzan jartzen...

«Porrotxen gauzak dira», bota digu proiektua nola jaio zen galdetu diogunean. «Oso lagunak gara eta okurritu zitzaion zerbait egin behar zela nire ibilbidearen inguruan. Egia esan, ez dakit zergatik, ni maisua bat izan naizelako, beste milaka bezalaxe. Horrelaxe jaio zen proiektu hau, duela sei bat hilabete», dio apal.

Ez da denbora gutxian jaso duen lehen omenaldia. «Nik hau lagun arteko opari bat bezala jaso nuen, ederra izan zen eta oso pozik hartu nuen. Aurten antzeko beste batzuk ere izan ditut. Lehenik ikastolan egin zidaten omenaldi bat, gero herriko danborradan makila eman zidaten, eta orain hau. 77 urte bete ditut eta zahartzaroa esker onez beteta daukat».

Guk ere badugu zer eskertu berari, eta larunbat honetan bere ibilbidea errepasatzea izango da kazetaritzatik egingo diogun gure omenaldi xumea.