11 DéC. 2023 Gaur X urte Carole Pateman teorialari politiko eta feminista gaurko egunez jaio zen, 1940an Bere lan ezagunen artean "Kontratu sexuala" dago, 1988an idatzia, non genero desberdintasuna modernitatearen berrantolaketa patriarkal berezi baten emaitza dela planteatzen duen. Carole Pateman, 2015eko argazki batean. (AGENCIA BRASIL | WIKIPEDIA) GAUR8 Carole Pateman teorialari politiko eta feminista Ingalaterrako Maresfielden hirian (Sussex) jaio zen 1940ko abenduaren 11an, gaur 83 urte bete ditu beraz. Pateman ezaguna da demokrazia liberalarekiko jarrera kritikoagatik eta bere lan ezagunen artean "Kontratu sexuala" dago, 1988an idatzia, non genero desberdintasuna modernitatearen berrantolaketa patriarkal berezi baten emaitza dela planteatzen duen. 2007tik Britainiar Akademiako kidea da. Lewes konderriko emakumeentzako "grammar school"-ean hezia, 16 urterekin utzi zuen erakundea, 1956an. Oxfordeko Unibertsitateko Ruskin Collegen sartu zen 1963an. Ekonomia, politika, historia eta soziologia ikasi zituen, hainbat sariak eskuratuz. Filosofia, politika eta ekonomia irakasteko deitu zioten Lady Margaret Hallen, baita Oxfordeko Unibertsitatean ere, eta doktoretza lortu zuen unibertsitate horretan. 1972an Sydneyko Unibertsitatean teoria politikoa irakasteko deitu zioten, ibilbide luze eta oparo bati hasiera emanez. 1990etik, Los Angeleseko Kaliforniako Unibertsitateko zientzia politikoko departamentuan irakatsi du, eta orain irakasle emeritu berezia da. Zientzia Politikoaren Nazioarteko Elkarteko presidentea izan zen 1991 eta 1994 artean, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzia Politikoen Elkarteko presidentea izan zen 2010etik 2011ra, Ohorezko irakaslea ere bada Cardiffeko Unibertsitateko Europako Ikasketen fakultatean... 1988an, "Kontratu sexuala" argitaratu zuen, Elkarrek 2018an euskarara ekarria eta bere libururik ezagunenetako bat, bere doktore-tesiaren izenburua ere badena. Doktore-tesi horren ikerketan ikusi zuen gizarte patriarkalen oinarrian itun fundatzaile bat egon dela edo dagoela, orain arte uste zena baino lehenagokoa, eta Jean-Jacques Rousseauk XVIII. mendean kontratu sozial izendatu zuena. Benetako itun sortzailea kontratu sexuala zen, hau da, gizon heterosexualen arteko itun ez baketsua, emakumeen gorputzerako sarbidea haien artean banatzeko. Bertan, sexuen arteko desberdintasuna (soldata baxuenak, genero-indarkeria, sexu-jazarpena, iruzkin sexistak, errekonozimendu sozialik eza eta abar) Modernitatearen berrantolaketa patriarkal bereziaren emaitza dela adierazten du. Patemanek dioenez, XX. mendeko teoria politikoak zuzenbide zibil patriarkalaren alderdi hori alde batera utzi du, eremu pribatua ahaztu baitu, eta gizabanakoaren eta kontratuaren kategorien neutraltasun sexual faltsua onartu du, eremu publikoaren eta etxekoaren arteko lotura hautematea eragotziz. Soldatapeko lanak edo jarduera politikoak, bere lanaldi nekagarriekin, ziurtzat jotzen dute etxekoandreak bizitza mantentzeko lanetan ari direla. Emakumeek soldata txikiagoa jasotzen dute batez ere gizon hornitzailearen soldatari "osagarri" bat irabazten dioten emaztetzat hartzen direlako; etxeko lanak eta soldatapekoak bateragarri egiteko lanaldi partzialeko kontratuak aukeratzen badituzte, etxeko lanak esleitzen dizkien egitura batean duten posizioaren kontzientzia dutelako da; sexu-jazarpena edo lan-diskriminazioa jasaten badute, merkatuan ez dira pertsona asexuatu huts gisa sartzen, baizik eta emakume gisa.