GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Duela bi urte hil zen bell hooks idazle eta militante feminista

Arrazakeria, kapitalismoa eta generoa aztertu zituen bere lanetan, eta horien artean egon ohi diren erlazioak. Berrogei liburutik gora eta artikulu akademiko ugari idatzi zituen.

Irudian, bell hooks hitzaldi bat ematen 2009an. (CMONGIRL | WIKIPEDIA)

Duela bi urte, 2021eko abenduaren 15ean, hil zen Kentuckyko Berea hirian Gloria Jean Watkins, bell hooks ezizenez ezagunagoa. Idazle, militante feminista eta aktibista estatubatuarrak birramonaren izenetik hartu zuen bere ezizena –Bell Blair Hooks izena zuen hark–, baina letra xehez idazten zuen protagonismoa bere ideietan jartzeko modu gisa.

Hooks Hopkinsvillen jaio zen, Kentuckyko hiri txiki segregatu batean, langile klaseko familia batean. Ama, Rosa Bell Watkins, etxekoandrea zen, eta aita, Veodis Watkins, atezaina. Bost ahizpa eta neba bat izan zituen. Irakurzalea izan zen, eta arrazaren arabera segregatutako eskola publikoetan ikasi zuen.

Ikasle eta irakasleak nagusiki zuriak ziren eskola integratu batera igarotzerakoan izan zituen zorigaizto handiei buruz idatzi zuen. Gero, Hopkinsville High School-en graduatu zen. Ingelesean lizentziatu zen 1973an, Stanford Unibertsitatean, eta, 1976an, Ingeleseko masterra eskuratu zuen, Wisconsin Unibertsitatean (Madison).

1976an hasi zen irakasle lanetan, Hego Kaliforniako Unibertsitatean: Ingeleseko irakaslea eta Ikasketa Etnikoetako irakasle nagusia izan zen. Hor igaro zituen hiru urte, eta Golemics Los Angeleseko argitaletxeak haren lehen liburua argitaratu zuen: "And There We Wept" (1978) poesia-liburua. "bell hooks" izenarekin sinatu zuen liburu hura. Garai hartan eman zituen jada bere ezizenaren inguruko azalpenak.

1981. urtean, South End Press argitaletxeak "Ain't I a Woman?: Black Women and Feminism" hooksen lehen lan garrantzitsua argitaratu zuen, nahiz eta urte batzuk lehenago idatzia izan, graduatu aurreko ikaslea zela. Argitaratu zenetik, lan horrek aintzatespen orokorra irabazi du pentsamendu feministari egin dion ekarpena dela-eta.

"Ain't I a Woman?" lanak gerora ere behin eta berriz landuko dituen zenbait gai aztertzen ditu: emakume beltzengan sexismoak eta arrazismoak izan duen eragin historikoa; emakumetasun beltzaren debaluazioa; hedabideek haizatzen dituzten rolak eta irudikapenak; hezkuntza-sistema; patriarkatu zuri, supremazista eta kapitalista; emakume beltzen marjinalizazioa, eta feminismoaren baitan arraza eta klaseari zaien begirunerik eza.

Orokorrean, arrazakeria, kapitalismoa eta generoa aztertu zituen bere lanetan, eta horien artean egon ohi diren erlazioak. Arraza, klasea eta generoa landu zituen hezkuntzan, artean, historian, sexualitatean, komunikabideetan eta feminismoan.

Menderakuntza- eta zapalkuntza-sistemak ikertu zituen, batez ere, arrazaren, klase sozialaren eta generoaren uztartzeari lotutakoak. Berrogei liburutik gora eta artikulu akademiko ugari idatzi zituen, eta hainbat hitzaldi eman. Haurrentzako literatura ere idatzi zuen. Euskaraz, "Feminismoa denon kontua da: politika pasio" (2018, Katakrak) eta "Transgresioa irakasgai: hezkuntza askatasunaren praktika gisa" (2023, Katakrak) lanak ditugu irakurgai, Amaia Apalauzak itzuliak eta Katakrak argitaletxeak argitaratuak.