19 DéC. 2023 Gaur X urte Gaur 40 urte hil zuten Ramon Oñederra ‘Kattu’, GALen lehenengo hildakoa Inoiz identifikatu gabeko mertzenario talde batek Ramon Oñederra ‘Kattu’ errefuxiatu azkoitiarra hil zuen 1983ko abenduaren 19an. Hilabete batzuk lehenago Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu bazituzten ere, GALek aldarrikatutako lehen hilketa izan zen Oñederrarena. Ramon Oñederrari omenaldia, bere heriotzaren 35. urteurrenean Baionan. (Bob EDME) GAUR8 1983ko abenduaren 19an, GALeko mertzenario talde batek tiroz hil zuen Ramon Oñederra ‘Kattu’ militante azkoitiarra Baionan, lan egiten zuen tabernan. 23 urte zituen eta GALen lehenengo hilketa izan zen. ‘Kattu’k herri zapalduaren kontzientzia oso barneratua zuen gaztetatik, Euskadiko Gaztedi Abertzaleen Mugimenduan (EGAM) militatu zuen. Garai gogorrak ziren haiek eta oso gazte espainiar errepresioaren atzaparretatik ihes egin behar izan zuen Ipar Euskal Herrira. Bertan hil zuten Estatu espainoleko estoldetako mertzenarioek, Baionako Kaietenia ostatuan. Gazte azkoitiarra zazpi tiroz hil zutenak ez zituzten inoiz identifikatu. Izan ere, ‘Kattu’ bera GALen lehen hildakoa izan zen –ordurako hiru hilabete ziren Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahituta zeudela–. Elkar ezagutzeaz gain, hiru gazte errefuxiatuak lagunak ziren. Ramon Oñederraren amak GARAri kontatzen zionez duela urte batzuk, semeak etxera deitu zuen Lasa eta Zabalaren urriaren 15eko bahiketaren ostean, «eta esan zigun bi mutil horiek desagertu zirela, baina beragatik lasai egoteko, ondo zegoela». GALen izena lehen aldiz entzun zen Segundo Mareyren bahiketarekin. Gero etorri zen Joxe Mari Larretxea harrapatzeko saiakera, Lasa eta Zabalaren desagerpena, eta abenduaren 19an Oñederraren hilketa.