GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Gazteak Lankidetzan’ EAEko programan izena emateko epea ireki da

‘Gazteak Lankidetzan’ programan izena emateko epea ireki da. EAEko 22 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta, lankidetza jardueretan parte hartzea bultzatzea eta kulturen arteko elkartasuna sustatzea ditu helburu nagusiak.

22 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago programa. Irudian, gazte baztuk Donostiako Campusean. (Jon URBE | FOKU)

Lakuako Gobernuko Gazteria Sailak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak antolatutako ‘Euskadiko Gazteak Lankidetzan’ programan izena emateko epea ireki da. Ekimenaren 30. edizioa da eta 22 eta 30 urte arteko 2.500 gaztek eta EAE eta Amerika, Afrika eta Asiako hainbat herrialdetako 100 Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundek (GGKE) baino gehiagok hartuko dute parte.

Programaren arduradunek jakinarazi dutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteak hegoaldeko herrialdeetan lankidetza jarduerak egitera sentsibilizatzea eta herri eta kulturen arteko elkartasun hezkuntza sustatzea dira ekimenaren helburu nagusiak. Horretarako, hiru hilabetetan zehar, besteak beste, hezkuntzarekin, berdintasunaren sustapenarekin edo nekazaritzarekin lotutako Amerikako, Afrikako edo Asiako hainbat lankidetza proiektutan parte hartu ahalko dute.

Egitasmoan parte hartu ahal izateko beharrezkoa da 1994 eta 2002 artean jaio izana (biak barne) izatea, EAEko lurraldeetako batean erroldatuta egotea 2023ko abenduaren 19aren aurretik, eta proiektua garatuko den herrialdeko hizkuntza ezagutzea.

Beharrezko profilak oso anitzak dira: begirale titulua duten pertsonak; beste askoren artean, mekanika, elektrizitatea, ingeniaritza, berdintasuna, magisteritza, psikologia edo erizaintza ikasketak dituztenak; edo, adibidez, musika instrumentu bat jotzen edo janaria prestatzen dakiten pertsonak.

Eskabideak aurkezteko epea astearte honetan ireki da, eta 2024ko otsailaren 14an amaituko da (biak barne). Eskabideak www.gazteaukera.euskadi.eus webgunean dagoen formularioaren bidez egin behar dira, eta, horretarako, ezinbestekoa da identifikatzeko bitarteko elektroniko bat izatea.

Hautaketa prozesua

Hautaketa prozesuari dagokionez, lehenik eta behin, otsailaren amaieran, aurretiko hautaketa bat egingo da izena eman duten guztien artean, haien prestakuntza, lan esperientzia eta kezkak aztertuz, eta GGKEek aurkeztutako lankidetza proiektuetako helburuak kontuan hartuz.

Bigarrenik, aurretik hautatutako pertsona horiek Barriako aterpetxean (Araba) martxoaren 15etik 17ra egingo den hautaketa prozesuan parte hartuko dute (gehienez 200 lagun). Hautagai horien artean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako hainbat ordezkarik, Gazteria Zuzendaritzak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta hainbat GGKEk osatutako hautaketa batzordeak gehienez 100 pertsona aukeratuko ditu, Amerikako, Afrikako edo Asiako zenbait herrialdetan proiektuak lantzeko.

Bukatzeko, apirilaren 13an eta 14an prestakuntza fasea egingo da, berriz ere Barrian, eta herrialdeetan landuko dituzten proiektuei buruzko informazioa eskainiko zaie gazteei.