GAUR8 - mila leiho zabalik

Ingurumena izan da ikerketa eta albiste zientifiko esanguratsuenen izarra

Zientzia arloan zabaldutako albiste esanguratsuenen zerrenda osatu du Elhuyar Fundazioak eta ingurumena kokatu du lehen postuan, plantearen bederatzi mugetatik sei gaindituta daudela ikerlarien ohartarazpena gogora ekarriz.

Klima larrialdiaren inguruko albisteak kokatu dituzte lehen postuan (Elhuyar Fundazioa)

Elhuyar Fundazioak 2023an zabaldutako zientzia arloko albiste esanguratsuenen zerrenda osatu du, eta azaldu duenez, ingurumena izan da protagonista nagusia.

Zientzia arloko hedabideek urtean zehar argitaratutako albiste garrantzitsuenen zerrenda egin du «nazioarteko zein gertuko ikuspegiarekin». Esan bezala, ingurumena izan da izarra, eta horrekin lotuta, lehen postuan kokatu du Planetaren bederatzi mugetatik dagoeneko sei gaindituta daudela azaldu zuen berria. Gaiaren inguruan, ingurumenari buruz komunikatzeko dekalogoa argitaratu du Elhuyarrek aurten.

Adimen artifiziala urteko gaien arteko bigarren izarra izan da, bere ikuspegi guztietan, adimen artifizialaren magiaz gain, etika ere lehen planoan izan baita. Horrekin batera, esparru horretan erreferenteetako bat den Bernhard Schölkopfen hausnarketa ekarri du gogora Elhuyarrek: «Ezinbestekoa da adimen artifizialaren gainean eztabaidatzea eta gogoeta egitea».

Gazteen osasun mentala

Gazteen osasun mentala da aipatutako beste gai bat, familia eta ikastetxeen kezka iturri izateaz gain, zientziaren ikuspuntutik, antsiolitikoen kontsumoaren gorakada nerabeetan, bereziki emakumezkoetan eta klase apalekoetan aztergai izan baitute ikerlariek.

Ilargirako misioak eta Indiako Chandrayaan-3k egindako aurkikuntzak laugarren postuan agertzen dira, eta bosgarrenean, kutsaduraren eragina, eta zehazki arnasten dugun aireari buruzko datuak eta Brasilgo haurren leuzemia kasuak eta pestizidekin izan dezaketen lotura.

Euskal Herriko neandertalen arrastoak San Adriango kobazuloan, Pirinioetako glaziarren gainbehera eta alzheimerra eta ariketa fisikoaren inguruan egindako ikerketek osatzen dute zerrenda, eta bi gai hamar gaiak ixteko: «Munduko seigarren superordenagailua Donostian» eta pandemiaren bukaera, OMEk larrialdi egoera bertan behera utzi ondoren.