GAUR8 - mila leiho zabalik

Hirurogei metroko errege-opila eta txokolatea Mungian, Friedreicheko Ataxiaren ikerketan laguntzeko

Hirurogei metroko erroska prestatuko dute Mungian, eta horren zatiak txokolate beroarekin eskainiko dituzte Mungian euro baten truke. Bilduko den dirua herriko gazte batek pairatzen duen Friedreicheko Ataxia eritasuna ikertzeko izango da.

Hirurogei metroko errege-opila prestatuko dute Mungian, ostiraleko jai solidariorako. (Mungiako Udala)

Ostiralean, ‘Errosko Solidarioaren Jaia’ ospatuko dute Mungian, Friedreicheko Ataxia eritasuna ikertzeko funtsak biltzeko. Data hauetan protagonista izaten diren errege-erroska eta txokolatea banatuko dituzte ekitaldian euro baten truke. Bildutako dirua STOP FA elkartearentzat izango da.

Herriko hiru okindegik eta gozategik 60 metro luzeko errege-opil bat prestatuko dute, Udalaren enkarguz. Orea egiteko, 90 kilo irin, 360 arrautza, 30 kilo gurin, 6 kilo legami eta 18 kilo azukre beharko dira, zehaztutakoaren arabera.

Ostiralean, arratsaldeko 17.00etan hasiko da banaketa. Erroska zatia eskainiko da txokolate beroarekin Andra Marin, euro batean. Jaia girotzeko, haurrentzako erromeria izango da, eta erroskoaren banaketan, Joana Flaviano eta Patxi Salinas ‘El Conquistador’ ETBko saioko lehaikideek hartuko dute parte.

Mungian jasoko den dirua aipatutako elkartearentzat izango da. Gaitza ikertzen duen proiektu batera joango dela azaldu du Udalak.

Gogoratu duenez, herriko gazte batek pairatzen du gaixotasuna. Prebalentzia baxuko eritasun neurodegeneratiboa da, eta batez ere haurtzaroan edo gaztaroan agertzen da. Bizkarrezurraren muinean dauden besoetako eta hanketako muskuluen eta nerbioen mugimendua kontrolatzen duten nerbioen ehunaren galera eragiten du gaixotasunak. Emandako datuen arabera, 100.000 pertsonatik biri eragiten die, gutxi gorabehera.