GAUR8 - mila leiho zabalik

Borja Hernandez Urrutxurtu, modaren artisaua Getxon

Borja Hernandez Urrutxurturen atelierrera hurbildu da GAUR8, GHU Getxo sinadura daramaten jantzi horiek ezkutatzen duten lanbidea ezagutzera. Nola eta norentzat sortzen duen azalduko digu plisatuko maisuak.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


‘Maestros de la costura’ TVEko saioan parte hartzeak ezagun egin zuen Euskal Herrian. Une hartatik, bizitzako esperientzia eta ikasteko eta bere burua ezagutzera emateko suposatu zuen aukera gordetzen du.

Guztiaren alde ona ateratzen duen pertsona horietako bat da Hernandez, detailetara adi egoten den horietako bat ere, tono gozoko komunikatzaile ona eta batez ere entzumena eta ulermena lantzen dituen jostuna, garrantzizko gaitasun bi neurrira egindako jantzien diseinatzaile gazte batentzat.

BHU Getxo atelierraren ateak zabaldu dizkio GAUR8ri, eta bere ibilbideaz eta sormen prozesuaz hitz egin dugu. Erakusmahaiaren aurrean azaldutako hasierako lehen ideiatik azken emaitzara doan prozesuko hainbat gako ezagutu ditugu haren eskutik. Patroi, bozeto, forma, ehun... eta ideiez beteriko jostun tailerrean, modaren munduko sekreturen bat ere azaldu du plisatuen maisuak.

Bezeroak diseinatutako jantziez harro ikusteak gogobetetasuna sortarazten dio. Jostun handien ondoan lan egin ondoren, formakuntzak duen garrantzia aldarrikatzen du, eta horren zergatia ere azaldu dio GAUR8ri.

Atelier barruan, ezkontzak dira lanaren ardatz nagusia. Emaztegaientzako jantzien bilduman ari da orain lanean, jasotako eskaera ezberdinen artean.

Zero kilometroko modaren defendatzaile, «herrian eta herriko jendearentzat sortua», zer da merke eta zer da garesti galdetu dio bere buruari Hernandezek. Ehun on batean neurrira egindako jantzi bat ez da hain erraz modaz pasatzen.